kultura
Gidoilaria eta produktorea
Jose Luis Acosta, SGAEko presidente berria
Erredakzioa
Acosta izendatu dute, Fernandez Sastron beste hautagaiak baino lau boz gehiago jaso ondoren. Teddy Bautista inputatu zutenetik SGAEko presidentetza hartzen duen bigarrena da.
-
Teddy Bautista inputatu zutenetik SGAEko presidentetza hartzen duen bigarrena da. Irudia: EFE
Jose Luis Acosta Salmeron produktore eta gidoilaria Egile eta Editoreen Elkarteko (SGAE) presidente aukeratu dute, Jose Miguel Fernandez Sastron beste hautagaiak baino babes zabalagoa jaso ondoren.
Bozketan, Acostak 20 boto jaso ditu, Fernandez Sastronek 16 eta bi abstentzio izan dira.
Jose Luis Acosta Salmeronek (Ubeda, Jaen, 1961) Anton Reixaren lekukoa hartuko du, uztailaren 16an kargutik kendu ondoren. Egun horretan Zuzendaritza Batzordeak Miguel Hermoso arduradun hautatu zuen behin-behinean.
Presidente izanda, Acosta SGAEren Zuzendaritza Batzordearen eta Zuzendaritza Kontseiluaren buru izango da. Elkartea polemikan sartuta dago Auzitegi Nazionalak Teddy Bautista orain dela bi urte inguru inputatu ostean, bidegabeko jabetzea eta delitu sozietarioa egitea egotzita.
Acostak hedabideek SGAErekiko erakusten duten "etsaitasuna" gogor kritikatu du orain dela gutxi; "poxpolo bat pizten badugu -esan zuenez- Erroma sutan dagoela ematen du", eta, halaber, hauteskundeen bidez "berreraikuntza" egin nahi izatea arbuiatu zuen, arazo "larrienak" ez baitzituen Reixaren "Zuzendaritza Batzordeak sortu".