Itxi

kultura

25. urteurrena

Gasteizko Magialdiak 70 ikuskizun eskainiko ditu

Erredakzioa

Ekimenak hainbat berrikuntza izango ditu aurten. Horien artean, irailaren 21ean, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten gaixoen senideen elkarte arabarrarekin ekitaldia antolatuko dute.

  • 2012ko Magialdiako ikuskizun bat. Argazkia: EiTB

    2012ko Magialdiako ikuskizun bat. Argazkia: EiTB

Gasteizko Magialdia magia jaialdiak 25 urte beteko ditu aurten. Edizio honetako egitarauak 70 ikuskizun bildu ditu eta 10 herrialdetako 30 artistek baino gehiagok parte hartuko dute. Gainera, aurten ekitaldi solidario berezia ere izango du Magialdiak.

Jose Angel Suarez Arabako Ilusionisten Elkartearen presidenteak aurkeztu du aurtengo egitaraua. Magialdia irailaren 16an hasiko da eta hogei agertokitan 70 ordu baino gehiagoko egitaraua eskainiko du.

25. urteurrenean, Magialdiak hainbat berrikuntza izango ditu aurten. Horien artean, irailaren 21ean, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten gaixoen senideen elkarte arabarrarekin ekitaldi berezia antolatuko dute.

Aurreko edizioetan, jaialdiak 20.000 ikusle inguru izan ditu. Urtero bezala, Magialdiaren ikuskizunak hiriaren erdiguneko erakusleihoetan, eskoletan, Txagorritxu ospitalean eta tranbiaren geltokietan eskainiko dituzte. Aurten, gainera, agertoki berria estreinatuko dute, Zabaltegiko Kioskoa. Asteburuan gauez egiten diren ekitaldiak hartuko ditu.

Principal Antzokian eta Europa Kongresu Jauregian ere ekitaldiak izango dira.

Horrez gain, "Off Festival" sailean, magoak tabernetan, kafetegietan eta jatetxeetan arituko dira.