Itxi

kultura

Euskara

Gurasoei zuzendutako kanpaina abiarazi dute euskaltegiek

Erredakzioa

Kanpaina berriaren bidez, euskara eguneroko hizkuntza eta komuniakziorako ohikoa izatea, "hein handi batean" gurasoen esku dagoela azpimarratu nahi dute.

Euskaltegi publiko zein pribatuek eta hezkuntza arloko eragileek "Transmisioa gure esku. Gurasoei begira" izeneko kanpaina berria jarri dute martxan, bereziki familiei begira, eta euskararen transmisioa bermatzeko helburuarekin. Ekimen berri honen bidez, euskaltegiek dei egin diete gurasoei euskaltegietara hurbildu eta euskara ikasi dezaten.

Bilbon Euskaltzaindiaren egoitzan emandako prentsaurrekoan, euskaltegi publiko zein pribatuetako eta hezkuntza munduko eragileen ordezkariak (EHIGE, Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola eta Erkide Irakaskuntza) bildu dira. Halaber, Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailbururdea eta Joseba Erkizia HABEko zuzendaria ere egon dira ekitaldian.

Modu honetan, Kristau Eskolako Mikel Ormazabalek azaldu duenez, kanpaina berriaren bidez, euskara eguneroko hizkuntza eta komuniakziorako ohikoa izatea, "hein handi batean" gurasoen esku dagoela azpimarratu nahi dute.

Joseba Erkizia HABEko zuzendariak adierazi du helduen euskalduntzeak eta hezkuntzak 100.000 hiztun berri ekarri dizkiola euskararen ezagutzari azken 25-30 urteetan, urtero 35.000-40.000 heldu inguru sartzen baitira euskaltegien sarera euskara ikasten.

Zehazki, 2012-2013 ikasturtean 36.000 heldu izan dira euskaltegietan ikasten aritu izan direnak, eta horietatik ia erdiak (%45 inguru), lehen mailan ikasi dutela, hau da, oso oinarrizko mailan edo hutsetik abiatuta. "Beraz, horrek erakusten du euskarak gizartean izan duen aurrerapena handia izan den arren, oraindik heldu elebakar asko dagoela eta pauso hori ematen ausartzen eta erabakitzen dutenak urtero asko direla", azaldu du.

Erkiziak gogoratu du euskaltegietan gurasoei zuzendutako ikastaro espezifikoak izaten direla, eta 2012-2013 ikasturtean 1.470 ikasle aritu zirela horietan ikasten. Beraz, azken bost urteetako bilakaera ikusita, 1.200-1.500 tartean ibiltzen dira gurasoen talde berezietan ikasten.

Hori guztia dela eta, Joseba Erkiziak azpimarratu du HABEk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak "oso begi onez" ikusten dutela euskaltegien sareak izan duen ekimena.