Itxi

kultura

Hitzarmena

EiTB eta Euskaltzaindia, elkarrekin lan hizkuntza kalitatearen alde

Kalitatezko euskara-eredu estandarra zabaltzen eta finkatzen lagunduko dute. Aldi berean, euskalkien aberastasuna bistaratzen eta balioan jartzen ere ahaleginduko dira.

  • Maite Iturbe eta Andres Urrutia, akordioa sinatu duten unean. Argazkia: EITB

    Maite Iturbe eta Andres Urrutia, akordioa sinatu duten unean. Argazkia: EITB

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak 2016. urtera bitarteko lankidetza hitzarmena sinatu dute.

EiTBren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmen horretan jasotzen denez, EiTBko hedabideek kalitatezko euskara-eredu estandarra zabaltzen eta finkatzen lagunduko dute. Aldi berean, euskalkien aberastasuna bistaratzen eta balioan jartzen ere ahaleginduko dira, hizkuntza erregistro egokiak erabiliz, saio bakoitzari eta komunikazio egoera bakoitzari dagokion eran. Irizpideak EiTBren Estilo Liburuak jasoko ditu.

Hori guztia aurrera eramateko, EiTBk Euskaltzaindiaren laguntza eta kolaborazioa izango du. Batik bat, Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokitik eskainiko dio laguntza eta kolaborazioa Euskaltzaindiak.

Lankidetza hitzarmen berritua sinatzeko ekitaldian, Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak eta beste hiru euskaltzainek hartu dute parte: Xabier Kintana idazkariak, Adolfo Arejita Iker Saileko buruak eta Erramun Osa idazkariordeak, baita Joseba Zabaleta kudeatzaileak ere. EiTBtik, berriz, Zuzendaritzako beste hainbat kide izan ditu lagun Maite Iturbek: Pello Sarasola ETBko zuzendaria, Odile Kruzeta EiTBko irratietako zuzendari-koordinatzailea, Andoni Aranburu Estrategia eta Komunikazio zuzendaria eta Asier Larrinaga Euskara Zerbitzuaren arduraduna.

2003. urtean hasi zen EiTB eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza, eta harrezkero kalitatezko euskara sustatu eta zabaltzearen alde lan egin dute elkarrekin bi erakundeek.