kultura
2013ko golardoak
Saizarbitoriak eta Pinillak Euskadi Literatura Saria jaso dute
Erredakzioa
Xabier Olasok, Iñaki Mendigurenek eta Sarah Turtlek, Elena Odriozolak, Jon Sudupek eta Iban Zalduak ere jaso dute golardoa.
Iñigo Urkullu lehendakariak 2013ko Euskadi Literatura Sariak banatu ditu arratsaldean. Sarituak ondorengoak izan dira: Ramon Saizarbitoria, Ramiro Pinilla, Xabier Olaso, Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle, Elena Odriozola, Jon Sudupe eta Iban Zaldua. Lehendakariak adierazi duenez, "irakurtzen eta idazten jarraitzeko zazpi arrazoi gehiago dira".
Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen campuseko Carlos Santamaria eraikinean egin da ekitaldia. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Barkatxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak eta Ikerne Badiola Kultura diputatuak ere parte hartu dute sari banaketan.
Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadi Literatura Sariek idazketa saritu eta irakurketa bultzatzen dutela esan du. "Sari hauek irakurtzen jarraitzeko zazpi arrazoi gehiago eskaintzen dizkigute. Idazten jarraitzeko arrazoi bat gehiago izatea ere espero dut", gaineratu du.
Gaztelaniazko saiakeraren saria Iban Zalduarentzat izan da Ese idioma raro y poderoso lanarengatik. "Aurkezten dituen ideien inguruan eztabaidatzera bultzatzen duen lana da", esan du epaimahaiak.
Jon Suduperen lana ere azpimarratu dute ekitaldian. Sudupek euskarazko saiakeraren arloan lortu du golardoa Oi Europa! lanarekin. "Ondo pentsatutako eta landutako lana da", azpimarratu dute.
Ilustrazioaren arloan, Elena Odrizolaren Tropecista lanak irabazi du Euskadi Literatura Saria. Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle bikoteak lortu dut euskarazko literatura itzulpenari dagokion saria Tom Sawyer-en abenturak lanarekin. Xabier Olasoren Tximeletrak lana gailendu da euskarazko haur eta gazte literaturaren arloan. Euskal tradizioa eta berrikuntza poetikoa uztartzen ditu lan horretan Olasok.
Ramiro Pinillak "irakurketarako gonbita" egiten duela nabarmendu du Urkulluk sari banaketan. Pinillak gaztelaniazko literaturaren Euskadi Liteatura Saria lortu du Aquella edad inolvidable eleberriarekin.
Euskarazko atalean, Ramon Saizarbitoriarentzat izan da saria, Martutene lanarengatik. Saizarbitoriak zein Pinillak Eusko Jaurlaritzak ematen dituen sarietako palmaresean errepikatu dute.