Itxi

kultura

Bilera

Euskaltzaindiak 3 urterako proiektuak aurkeztu dizkio lehendakariari

Erredakzioa

Erakundeak, besteak beste, Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa amaitu nahi du. Jaurlaritzak 190.000 eurorekin finantzatu du proiektua.

  • Andres Urrutia eta Iñigo Urkullu, bilera hasi aurretik. Argazkia: EFE

    Andres Urrutia eta Iñigo Urkullu, bilera hasi aurretik. Argazkia: EFE

Euskaltzaindiak datozen hiru urtetarako proiektuak aurkeztu dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari. Besteak beste, Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa amaitu nahi du. Jaurlaritzak 190.000 eurorekin finantzatu du proiektua.

Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak eta erakundearen zuzendaritzak lehendakaria hartu dute Bilboko Plaza Berriko egoitzan.

Bisitaren ostean, datozen hiru urtetarako plangintza azaldu diote lehendakariari, eta, Atlasaz gain, Euskal Hiztegi Orokorra zabaldu nahi dutela (azken argitalpenak 3.000 sarrera baino gehiago ditu) iragarri diote.

Horrez gain, Euskaltzaindiak hizkuntza kalitate zerbitzua martxan jarriko du, beste erakunde batzuekin elkarlanean; izan ere, aipatu dutenaren arabera, "sinergiak gero eta beharrezkoagoak dira euskararen munduan".

Lehendakariak Euskaltzaindia zoriondu du Europar Herritarraren Saria jasotzeagatik, eta Jean Haritschelar euskaltzainaren heriotza gogoratu du.