kultura
Jaialdia
'Fun and Serious': bideo-jokoak, begirada guztien erdigunean
Fun & Serious Game Festival jaialdiak Bilbo hartuko du egunotan. Bideo-jokoen alderdi ludikoa zein garapen ekonomikoaren ingurukoa aztertuko dituzte.
Bideo-jokoen sektorea aztertuko dute egunotan Bilbon, alderdi ludikoaren zein garapen ekonomiaren ikuspuntutik. Fun & Serious Game Festival igandera arte egingo dute Bizkaiko hiriburuan.
Ordura arte, hainbat jarduera izango dira AlhondigaBilbaon, Guggenheim museoan eta Euskalduna Jauregian. Bideo-joko serioen inguruko hitzaldiak izango dira, eta baita sektore horri buruzkoa. Urteko joko onenak sarituko dituzte Campos Eliseos antzokian.
Alfonso Gomez jaialdiko zuzendariak adierazi duenez, Fun & Serious Games Festivalen hirugarren edizioak lau ardatz ditu. Lehena, Euskalduna Jauregian egingo duten hitzaldi-sorta, sektore horretako profesionalei zuzenduta. Tommy Palm bertan izango da, Candy Crush Saga mugikorretarako joko arrakastatsuaren (53 milioi erabiltzaile ditu) egilea.
Horrela, Espainiako hainbat startup Bilbon izango dira, beraien negozio modeloa azaltzeko. Bigarren urtez, zinemari eta bideo-jokoei buruzko mahai-ingurua izango da, bi sektoreen etorkizunari eta sinergien ingurukoa. Gero eta hurbilago dauden sektoreak dira, Gomezek esan duenez, eta Nacho Vigalondok, Jaume Balagerok, Gonzo Suarez Commandos bideo-jokoaren egileak eta Claudio Serrano aktoreak parte hartuko dute.
Zazpi egunez, bideo-jokoen hiriburu bihurtuko dute Bilbo: Vetusta Morla seikote madrildarra ere bertan izango da. Delirium Studios Bizkaiko enpresarekin batera Los Ríos de Alice bideo-jokoan parte hartu dute, eta jokoaren sorkuntza-prozesuari buruz arituko dira.
Jokatzeko gunea
Bestalde, Euskalduna Jauregian entretenimenduari eskainitako gunea izango da, eta Playstation 4 eta Xbox One kontsolen azken belaunaldiko jokoak izango dira probatzeko. Gabonetan helduko dira dendetara. Bideo-jokoen txapelketa profesionalak ere izango dira, eta Pol Espargaró Moto 2 kategoriako munduko txapelduna izango da bertan.