kultura
Abenduaren 3a
Euskararen Nazioarteko Egunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu
Erredakzioa
Azaroaren 20tik abenduaren 3ra arte bildutako datuen arabera, mundiala.net webguneak 25.465 bisita izan ditu eta parte hartzaileek 12.805 txio bidali dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan abiarazitako "mundiala" egitasmoaren balorazio "oso positiboa" egin du gaur Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, ekimenak aurreikuspenak gainditu eta 25.465 parte hartzaile izan baititu; horien % 61, 34 urtetik beherakoak.
Baztarrikak kanpaina baloratzeko prentsaurrekoa eman du asteazken honetan Bilbon, egitasmoaren arduradun izan diren Jokin Azkue Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariarekin eta Ana Esther Furundarena Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako aholkulariarekin batera.
Horrela, azaroaren 20tik abenduaren 3ra arte bildutako datuen arabera, mundiala.net webguneak 25.465 bisita izan ditu; horietatik 21.000 behin bakarrik sartu diren parte hartzaileak izan dira. "Oso kopuru handia da, zalantzarik gabe, eta aurreikuspen hoberenak gainditu ditugu", esan du Baztarrikak.
Parte hartzaileek 12.805 txio bidali dituzte guztira, hau da, #mundiala traola 12.085 alditan erabili da, eta, lehenbiziko txioa bidali zenetik Euskararen Egunera arte, guztira "8.092.052 kilometro egin dira, euskarazko txioak harat eta honat ibili direlarik".
Adinari dagokionez, parte hartzaileen % 61 34 urtetik beherako pertsonak izan dira; horien % 27,50 18-24 urte bitartekoak izan dira, eta % 33,50, 25-34 urte bitartekoak.
"Beraz, #mundiala gaztea, euskara gaztea da, eta honek badu loturarik euskal hiztunen ezaugarriekin, adinari dagokionez. Orain dela 20 urte, euskal hiztunik gehienak 45 urtetik gorako adin taldeetan konzentratzen ziren. 20 urte geroago, oso modu nabarmenean, ikaragarri nabarmenean, euskal hiztun gehienak 35 urtetik behera konzentratzen dira, eta horrek lotura dauka hemen eman dugun datu honekin", azpimarratu du Baztarrikak.
Parte hartzaileak nondik datozen aztertuz gero, gehienak Euskal Herrikoak izan dira. Hirika, Bilbon 5.020 izan dira, Donostian 4.743, Gasteizen 2.241 eta Iruñean 664. Iparraldeko hiru lurraldeen datuak eskuratzea ezinezkoa izan zaio Jaurlaritzari, Departamenduka baitaude banatuta, eta, beraz, Akitaniako parte hartzaileak erabili dituzte: guztira, 141 izan dira.
Estatu espainiarraren mailan, Madril (1.540), Bartzelona (749), Valentzia (74) eta Santander (61) izan dira parte hartzaile gehien izan dituztenak, eta azkenik, mundu mailan, Frantzia (282), Mexiko (267), Ameriketako Estatu Batuak (265) eta Erresuma Batua (198) izan dira parte hartzaile gehien izan dituzten estatuak.