kultura
Hautsak harrotuta, Akademian
Euskaltzaindiak gaur emango du egunotako eztabaiden inguruko iritzia
Natxo Velez | eitb.com
Akademiak osoko batzarra egingo du Baionan, Euskal Museoan, Gramatika Batzordeak dimisioa eman eta Ibon Sarasolak Euskaltzaindiaren Hiztegiaren ardura utzi eta gero.
Kazetetako titularretan, irratsaioetan eta telebistako albistegietan hitzetik hortzera ibili dute Euskaltzaindia abenduaren 3tik, hizkuntzarekin, gramatikarekin eta lexikoarekin zerikusi gutxi duten kontuak tarteko. Egun horretan, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko kideek dimisioa eman zutela jakin zen, zuzendaritzarekin ezadostasunak baitzituzten.
Pello Salaburu lantaldeko zuzendariak azaldu zuenez, Euskaltzaindiak ez du Batzordeak aurkeztutako plangintza onartu; hain zuzen ere, lantaldeak zazpi liburuko gramatika proiektua aurkeztu du oraintsu, baina Euskaltzaindiak egitasmoa murriztu nahi du. Horregatik, 32 urtez proiektu horretan lanean aritu eta gero, Akademiaren "konfiantza" galdu dutela uste dute euskaltzainek.
Egun horretan bertan, abenduaren 3 dontsu hartan, Ibon Sarasola euskaltzain osoak Euskaltzaindiaren Hiztegiaren ardura utziko duela iragarri zuen. Orain arte urtero sinatzen zuen kontratua berrituko ez duela jakitera eman zuen, "giro txarra" igartzen baitu Euskaltzaindian eta ez baitago zuzendaritzarekin, "inguruarekin", gustura.
Bi adar
Itxura denez, egunotako gertakariek eta adierazpen ilunek agerian utzi dutenaren arabera, Euskaltzaindiaren barruan bi korronte daude. Jendetsuenak, zuzendaritzaren aldekoenak, "gizartearengandik gertuago" legokeen Akademiaren alde egiten du ("euskaltzale talde" deitu izan diete bestaldetik); haien aurrez aurre, berriz, Akademia arauemaile eta "prestigiotsuagoa" nahi dutenen taldea dago.
Hartara, egoen arteko borroka barik, botere lehia batetik urrun, kudeaketa eredu ezberdinen arteko talka dagoela esan dute ezinegona plazaratu dutenek.
Gaur, Baionan osoko bilkura egingo du Euskaltzaindiak goizeko hamarretan, arratsaldeko hiruretan Jean Haritschelhar zena omendu aurretik. Bilera horretan, egunotako gertakariak jorratuko dituzte, ezinbestean, eta, azkenik, zuzendaritzak giro gaiztotu horren aurrean zer iritzi daukan jakin ahal izango da.