kultura
Tabakalera proiektua
Tabakalerak 'ikusgarritasuna' bilatuko du 2014 'trantsizio' urtean
Erredakzioa
Tabakaleraren kudeatzaileek Atotxako dorreko etxabean behin-behineko egoitza bat irekiz hasi dute urtea, 2015ean behin betiko egoitza zabaldu aurretik.
Tabakalerarentzat, 2014. urtea trantsiziozkoa izango da, eta Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa "ikusgarri eta identifikagarriago" erakutsi nahi dute aurten donostiarren begietara, 2015ean Egiako tabakotegi zaharreko behin betiko egoitza ireki aurretik.
Ordura arte, Ane Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendariak gaur prentsaurrekoan azaldu duenez, etorkizunean garatuko dituzten zerbitzu eta programetako batzuk abiatuko dituzte.
2014aren hastapen hauetan, webgune berria martxan jarri, eta behin-behineko egoitza bat ireki dute: Sukaldea espazioa Atotxako dorrearen etxabean dago, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa hartuko duen eraikinetik (zaharberritzen ari dira) metro gutxitara.
Tabakaleran iaz egindako lanen laburpen ikusgarria
Sukaldea izeneko zentro horretan arituko dira bien bitartean proiektua gorpuzten, 40 eta 70 metro koadroko bi areto baititu, aurkezpenak, proiekzioak, mintegiak eta mahai-inguruak antolatu eta "ideien trukea eta egitasmoen sorkuntza pizteko egokiak".
2015etik aurrera eraikin berrian izango diren jarduerak "eskalan" ikusteko modua izango da, beraz. 2013a ere etorriko denaren "atariko" gisa planteatu zuten: EgiaMapa, Irudimenezko Hiria mintegia, Santa Klara uharteko argazki erakusketa, Arkitekturaren Astea... egin zituzten iaz, bide horretan.
Tabakalerak suhiltzaileen egoitza zaharrean gauzatu zuen iaz Hirikilabs proiektua, kultura digitalarekin eta Sareko gizartearekin lotutako sormen laborategiak, eta, aurten ere, Donostia 2016ren espazio hori erabili ahalko du, hiri mailako ikerketa eta ikasketa proiektuak gauzatzeko.
Laborategiak 2014ko jardueren ardatzetako bat izango dira, bada, eta, horiekin batera, ikus-entzunezko lanak ematen, pentsamendu garaikidea eta praktikak sustatzen eta Mediateka zabalik izaten jarraituko dute.
Ane Rodriguezek, Victor Iriarte ikus-entzunezkoen programaren arduradunak, Arantza Mariscal Mediatekako arduradunak eta Joxean Llorente laborategien arduradunak urtarril eta otsailerako programak aurkeztu dituzte.
Artxiboetako materialak eguneratzeko mintegia, Clermont-Ferrandeko zinemaldiko sail esperimentaleko filmen proiekzioa (Antzoki Zaharra), zinema aretoetara heltzen ez diren filmak Antzoki Zaharrean erakusteko ekimena... Tabakalera proiektuarentzat "oso garrantzitsua" izango den urtea hasteko agendan dituen ekimenetako batzuk dira.