kultura
'En el estanque dorado'
Hector Alterio eta Lola Herrera, hilaren 25 arte Arriaga antzokian
Erredakzioa
Bi aktore mitikoek egiten duten lanak "adina, beldurra, maitasuna, bakardadea, barrea eta heriotzaren aurkako borroka" ditu hizpide, Magüi Mira zuzendariaren esanetan.
-
Lola Herrera eta Hector Alterio protagonistak. Argazkia: Daniel Dicenta Herrera.
Hector Alterio eta Lola Herrera aktore ospetsuek "En el estanque dorado" Ernest Thompsonen obra eskainiko dute Bilbon, Arriaga antzokian, astearte honetatik, urtarrilak 21, larunbatera arte, urtarrilaren 25era arte, 20:00etan hasiko diren emanaldietan.
Emilio Hernandezek egindako bertsioa iritsiko da antzoki bilbotarrera, Magüi Miraren zuzendaritzapean. Herrera eta Alteriorekin batera, Luz Valdenebro, Camilo Rodriguez eta Mariano Estudillo euskal aktore gaztea daude zahartzaroari eta bizitzari buruzko obra honetako aktore zerrendan, Arriagatik jakinarazi dutenez.
"Adina. Beldurra. Maitasuna. Bakardadea. Barrea. Heriotzaren aurkako borroka, familia baten barruan. Itxaropenerako zirrikitu bat, suntsitzeko arriskuaren aurrean. Gogoeta baliotsu bat, edozein adinetan, noiznahi, harreman positiboak lortzearen zailtasunari buruz. Gozatzea posible da denboraren gupidagabeko erasoa gorabehera", esan du obra honetaz Magüi Mira zuzendariak.
Pentación produkzio-etxearen eskutik helduko obra Bilbora. 30 hizkuntzatara itzulia eta 40 herrialdetan baino gehiagotan ekoitzia, "En el estanque dorado" antzezlana antzerki garaikidearen klasikotzat jotzen dute. Miraren hitzetan, "Lola Herrera eta Hector Alteriorekin, emozioa ziurtatuta dago; malkoak eta barreak. Estatuko antzokietako taula gainetan lehen aldiz elkarrekin ikusiko ditugun bi aktore handiren edertasun ukaezina. Plazer bat da niretzat. Eta zuentzat".