kultura
Gastronomia
'Master Chef UK' saioko irabazleak euskal jatetxea ireki du Londresen
Natxo Velez | eitb.com
Ash Mair australiar sukaldariak 'Master Chef - The professionals' saioa irabazi zuen 2011n, eta orain Bilbao Berria izeneko jatetxea zabaldu du Erresuma Batuko hiriburuan, Regent street kalean.
-
Bilbao Berri jatetxearen arduraduna, Ash Meir. Argazkia: www.ashmair.com
Ash Mairrek, 'Master Chef - The professionals' Erresuma Batuko saioaren 2011ko irabazle australiarrak, otsailean Londres erdialdean euskal jatetxe bat zabalduko duela baieztatu du. Regent streeten, Oxford street hiriburuko kale nagusiaren ondoan, izango du bere txokoa euskal sukaldaritzak.
Mairrek kontatu duenez, bikotekideak hurbildu zion euskal sukaldaritza, eta orain ikasitako guztia bi solairuko jatetxe berrian gauzatu nahi du. Lehen solairuan, otordu informalagoak emango dituzte: pintxoak, bertoko ardoak... Bigarren solairuan, berriz, otordu formalagoak zerbitzatuko dituzte, euskal sukaldaritza klasiko eta modernoko platerak.
Nolanahi ere, euskal eta britainiar sukaldaritza ereduen arteko aldeen jakitun, Mairrek ahalegina egingo du euskal platerak britainiarren gustura "egokitzeko", eta gure lurreko jaki batzuk "arintzen" saiatuko da; izan ere, Mairren esanetan, "astunegiak" dira britainiarren dastamenerako.
Ez dira faltako, bada, Londreseko jatetxeen eskaintza, Bilbao Berriari esker, zainzuriak, pikillo piperrak, Ezpeletako biperrak, orburuak, Idiazabal gazta, saltsa berdea...
Halaber, Mair tasmaniarrak My Basque Cuisine liburua argitaratu berri du: euskal sukaldaritzako errezetarik arrakastatsuenak birpasatzen ditu bertan.