kultura
Kultura topaketa
Kulturaz eztabaidatzeko europar foro nagusia Bilbon egingo da martxoan
Erredakzioa
Forum d'Avignon, kulturari buruzko europar foro garrantzitsuena, Frantziako hiri horretatik atera, eta AlhondigaBilbao zentroan egingo da aurten, martxoaren 5etik 8ra.
-
Bilboko alondegiak hartuko du topaketa. Argazkia: EiTB.
Martxoaren 5etik 8ra, "Hiria kultur sistema gisa" izango da arte, arkitektura, politika edo ekintzailetza gaietan aditu direnek aztertuko duten gai nagusia.
Parte hartzaileen artean aditu asko izango dira, hala nola Katrin Jakobsdottir Islandiako Hezkuntza, Zientzia eta Kultura ministro ohia, Gail Lord Chicagoko (AEB) Kultura Programako arduraduna, Tarek Cherkaoui Qatarreko Museoen arduraduna eta Beatriz Garcia Liverpooleko (Ingalaterra) Unibertsitateko Kultur Politikei buruzko Ikerketa zuzendaria. Etxepare Euskal Institutuak ere esku hartuko du foroan.
Forum d'Avignon hasi aurretik, martxoaren 5ean, hausnarketa saioak egingo dira Bilbon. Zeharkako ikuspegitik, ideiak eta esperientziak jorratu nahi dira, bertatik bertara, betiere, testuinguru garaikideetan eremu artistikoari nahiz kulturalari eragiten dieten eztabaiden bitartez.
Esperientziak partekatzeko jardunaldia izango da hilaren 5ekoa, eta, bertan, kultur eragile lokalek hartuko dute parte. Ideiak, eta tentsioak bideratzeko topagunea izango da lehen jardunaldi hori, eta artistei eta kultur arloko eragileei egongo da zuzenduta.
Lan taldeek hiru gai izango dituzte ardatz: "Hibridazio artistikoko esperientziak eta praktikak"; "Akatsetik ikasketara, metodologia erabilgarria"; eta "Komunitate berriak praktika artistiko eta sozialean".
Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko ekitaldiaren webgunean.