Itxi

kultura

Antzerkia

Antzerki garaikideko Espainiako sari nagusia, 'Guernica 1913'rentzat

Erredakzioa

Banarte Antzerki Taldeak Antzerki Amateurraren Espainiako Konfederazioaren saria jaso du. Armagintza enpresa bateko langile eibartarrek 1913ko udazkenean Gernikan egindako greba kontatzen du.

  • 'Guernica 1913'

    'Guernica 1913'

Banarte Antzerki Taldeak Antzerki Amateurraren Espainiako Konfederazioak ematen duen Espainiako Antzerki Garaikideko Sari Nagusia lortu du, "Guernica 1913" antzezlanari esker. Sari hori joan den urtarrilaren 31n elkarteko kideek egin zuten Biltzar Orokorrean hartutako erabakiaren emaitza da.

Antzerki Amateurraren Espainiako Konfederazioaren estatutuetan oinarrituta eta batzorde kudetzailearen gomendioei jarraituz hartu dute erabakia, antzerki taldeak gaur jakinarazi duenez.

"Guernica 1913" benetako gertaeretan oinarrituta dago. Jose Angel Txato Etxaniz Gernikazarra elkarteko kideak ikertu eta jasotako informazioari esker, Rafa Hercek idatzi du antzezlana, eta Sardo Irisarrik zuzendu du, Jabier Obregon eszenografoaren kolaborazioarekin. Etxaniz istorio aholkulari moduan egon da prozesu guztian.

Antzezlanak klase borrokari begiratzen dio: Esperanza y Unceta armagintza enpresako (ondoren Astra izango zena) langile eibartarrek 1913ko udazkenean Gernikan egindako greba kontatzen du, amaiera epikoa izan zuena.

Hurrengo egunetan, Soraluzen (otsailak 22), Erandion (martxoak 22), Urdulizen (apirilak 13) eta Barakaldon (maiatzak 10) taularatuko dute.