kultura
Euskal ohiturak
urtesasoiak.com: ohitura, tradizio, kantu eta sineskeren gordailua
Erredakzioa
Astearte honetan aurkeztu dute Ikastolen Elkarteak eta Labayru Ikastegiak urteko sasoi bakoitzeko ohiturak, tradizioak, kantuak eta dantzak hainbat euskarritan batzen dituen webgunea.
-
Lantzeko inauteriak. Argazkia: EiTB.
Gaur, asteartearekin, www.urtesasoiak.com egitasmoa aurkeztu dute. Webgune horretan, urteko ziklo bakoitzeko ohitura, tradizio, kantu, dantza eta sineskerak... bildu dituzte hainbat euskarritan: bideoa, testua, argazkiak, kantuak eta partiturak.
Labayru Ikastegiak eta Ikastolen Elkarteak Urte sasoiak egitasmoa landu dute, herri egutegiaren barruan urtean zehar Euskal Herri osoan egiten diren ospakizun tradizionalen bilduma.
Adolfo Arejitak Labayru Ikastegiko zuzendariak aurkezpenean esan duenez, "Urte sasoiak bildumak Euskal Herri osoko, zazpi lurraldeetako edukiak batzen ditu, euskararen lurralde osoaren ispilu eta ordezkari dugu zelanbait bere laburrean. Euskal Herri barrukook nor, zer eta zelakoak garen hobeto ezagutzeko, batetik; baina baita munduan zehar, Euskal Herria zer eta zelakoa den, hizkuntza bidez eta jakintza bidez, hobeto ezagutu dezaten, bestetik."
Edukia lehenago landua da: 90eko hamarkadan, Labayru Ikastegiaren eta Ikastolen Elkartearen ekimenez, hiru euskarritan jaso zituzten jakingarriak: bideoa, liburua eta audioa. Orduko hori orain itxuraz berriztatu dute, euskarriok webera ekartzeko.
Lau urte sasoitan banatuta dago edukia:
Oles ta oles Gabon zikloari dagokio
Hou Pitxu hou! Inauteriei dagokio
Txulufrina eta arrosa udaberri-udetako jai-ospakizunen bilduma da
Pinpirin eta Florian udazkeneko ospakizunen bilduma da.
Orria lau hizkuntzatan dago: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Horri esker informazio guztia munduko edozein lekutatik dago eskura.