Itxi

kultura

Aplikazio berria

Euskaltzaindiaren webgunea, eskura

Erredakzioa

Akademiaren 'Hiztegi Batua', 'Orotariko Euskal Hiztegia' eta 'Euskal Onomastikaren Datutegia' erakusten dituen aplikazioa aurkeztuko dute gaur. Webeko atal erabilienak telefonoan izan ahalko dira.

Euskaltzaindiaren webgunearen atal erabilienak sakelako telefonoan eskura izateko, webgunea moldatu du Euskaltzaindiak. Hemendik aurrera, webgunearen bertsio arruntean ez ezik, 'Hiztegi Batua', 'Orotariko Euskal Hiztegia' eta 'Euskal Onomastikaren Datutegia' eskuko telefonoetarako egokitutako moldean ere kontsulta daitezke. Eskuko telefonotik edo tabletatik webgune osoa ikusteko aukera ere ematen da.

Lana Akademiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) batzordearen gidaritzapean burutu da. Andoni Sagarna Batzorde horretako arduradunaren esanetan, "Euskaltzaindiak garbi dauka gaur egun gizartearekiko harremanetarako ezinbestekoa dela informazio- eta komunikazio-teknologiak erabiltzea. Azken urteotan informazio-teknologien erabiltzaileek noiznahi eta nonahi edukiak eskura izatea eskatzen dute gero eta gehiago".

Gainera, Akademiaren oharraren arabera, "Euskaltzaindiak erabiltzaile horiei beren tresna mugikorren bitartez webguneko edukiak kontsultatzeko aukera eman nahiz, tresna mugikorretarako bertsio berria kaleratzea erabaki du".

Hiru arlo nagusi kontsulta daitezke egokitutako formatuan: Hiztegi Batua', 'Orotariko Euskal Hiztegia' eta 'Euskal Onomastikaren Datutegia', webguneko atal ikusienak.

Era berean, webgunearen bertsio arruntera jotzeko aukera ere ematen da.

Hiztegi Batuak hitzen forma estandarrak biltzen ditu, "hiztegi ortografikoa" da, eta euskaraz idazterakoan sortu izan den hainbat zalantzari erantzuna ematera dator.

Orotariko Euskal Hiztegia obra deskribatzailea da, ez arauemailea, ez normatiboa. Horren xedea garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea biltzea da. Menderik mende eta euskalkietan zehar euskaldunak nolako hizkuntzaz baliatu diren ahalik eta osokien eta zehatzen azaltzeko helburua du hiztegi honek.

Euskal Onomastikaren Datutegian Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen lanak biltzen dira. Lanok lau multzo nagusitan banatzen dira: deitura edo abizenak, ponte-izenak, leku-izenak eta exonimia, Euskal Herritik kanpoko leku-izenak: kontinenteak, estatuak, munduko hiriburuak, hiriak, herriak...

euskaltzaindia aplikazioa