kultura
Hitzaldiak
Noam Chomsky, EHZ jaialdiko lehen izarra
Musika egitarauari dagokionez, jaialdiak ez du ezer iragarriko apirilaren hasierara arte.
-
Noam Chomsky. Argazkia: EFE
Hitzaldi eta eztabaida gunearen programazioak markatu du Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren lehen iragarpena. Antolatzaileek hala erabakita, musika programazioa ez dute apirilaren hasierara arte jakinaraziko, gainerako jarduerei protagonismoa emateko.
"Gogoeta gunea" delakoak dimentsio berri bat hartuko omen du edizio berri honetan, eta ekainaren 27, 28 eta 29an ospatuko den jaialdiaren erdigunea izango da. Garroa gaztelu barruan paratuko dute espazio hori. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 300 lagunentzako tokia izango du.
Oraingoz, hiru eguneko sarrera 45 euroan eskuratu daiteke (jaialdiaren webgunean soilik).
Euskal Herria Zuzenean jaialdian izango diren hizlarien artean Noam Chomsky ageri da letra larriz. Skype bidezko hitzaldia eskainiko du AEBko filosofo eta hizkuntzalariak. Gainera, Adel Bakawan idazle kurdua, Moussa Ag Assarid Azawadeko idazlea, Jon Sarasua eta CUP alderdiko eta SAT sindikatuko kideak izango dira.
Gainera, haurrentzat egun oso bat eskainiko dutela iragarri dute; ekainaren 27a izango da.