Itxi

kultura

Erabaki drastikoa

Xabier Paya izango da Donostia 2016ko kultur koordinatzailea

Erredakzioa

Patronatuak behin-behineko zuzendaritza teknikoa izendatu du, eta aurreko zuzendaritza osoa proiektutik at utzi du, zuzendari nagusiak eta komunikazio arduradunak dimisioa eman eta gero.

1:16

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua proiektuaren Patronatuak urgentziazko bilera bat egin eta gero iragarri duenez, zuzendaritza talde osoa proiektutik kanpo gelditu da, eta behin-behineko zuzendaritza tekniko batek hartuko du egitasmoaren gidaritza. Xabier Paya izango da berorren bozeramailea eta kultur proiektuen koordinatzailea.

Itziar Nogeras zuzendari nagusiak eta Itziar Elizondo komunikazio arduradunak dimisioa eman eta gero, aurreko zuzendaritza taldean geratzen zen kide bakarra ere, Guadalupe Echeverria kultur zuzendaria, organigramatik kanpo gelditu da.

Juan Karlos Izagirre Donostia 2016 Fundazioaren presidente eta Donostiako alkateak eman du albistea prentsaurreko batean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlartizako Kultura sailburua alboan zituela.

Xabier Payarekin batera, Garbiñe Muñoa finantza eta ekonomia zuzendaria eta Enara Garcia Parte-hartze eta Antolakuntza arduraduna egongo dira behin-behineko zuzendaritza taldean.

Bestalde, Fundazioak hainbat formula aztertu ditu proiektuaren buruan egoteko pertsona egokia "albait arinen" aurkitzeko eta "aho batez" aukeratzeko.

Alkateak erakunde guztien "konpromisoa" azpimarratu du, eta "herritarrak inplikatu" behar dituztela erantsi du. Gainera, "arrakastasua" izango den uste osoa dutela esan du Izagirrek: "Indartuta aterako gara".