Itxi

kultura

Donostia 2016

Donostiak 23.000 musikari hartuko ditu 2016an, makrojaialdi batean

Erredakzioa

Donostia 2016ko bulegoak Europako Musikari Gazteen Jaialdia prestatzen eta aurrera ateratzen lagunduko duten boluntarioak aurkitzeko kanpainia abiatu du gaur.

Anoetako estadioak 23.000 musikari bilduko ditu 2016ko maiatzean, Europako Musikari Gazteen Jaialdia inauguratzeko. Kultura Hiriburuaren ekimenen baitan, bostehun kontzertu inguru eskainiko dituzte gero, Gipuzkoa osoan, musikari horiek guztiek.

Gainera, Europako Musika Eskolek antolatutako ekitaldi hau "guztion jaialdi" bihurtzeko eta jendeak ahalik eta gehien parte har dezan, Donostia 2016ko bulegoak boluntarioak aurkitzeko kanpaina bat abiatu du, "Ni ere EMUlagun" lelopean.

Hainbat helburu uztartzen dituen ekimenaren xedeetako bat Europa osotik helduko diren 10.500 musikarientzat Gipuzkoa osoan "mikroegoitzak" aurkitzea da. Maiatzaren 5, 6 eta 7an gauzatuko da musika topaketa.

Mikel Mate Donostiako Musika eta Dantzako Udal Eskolako zuzendariak azaldu duenez, kanpoko musikari hauei guztiei bertoko beste horrenbeste musikari batzea da asmoa. Horrela, Anoetako inauguraziotik hasi eta Zurriolako itxiera ekitaldira arte, hogei mila musikarik baino gehiagok parte hartuko lukete guztira bi edo hiru urtean behin egiten den jaialdi honetan. Azken edizioa Italian egin zuten, Emilia Romagnan.

Gipuzkoako udal eta eskolei deialdi berezia egin diete antolatzaileek, eta hiru hileko epea eman diete, 100-300 musikarirentzako mikroegoitzak antolatu nahi dituzten jakinarazteko. Herri edo eskola horietako musikariekin lankidetzan arituko lirateke bisitariak.

Halaber, Donostiak EMUlagun Brass Band taldea dauka dagoeneko. 10 urtetik gorako umeek eta helduek osatzen dute, eta, gaurko prentsaurrekoa girotu ez ezik, ostiralean Parisera joango da, Donostiako kultur hiriburutzari haize emateko.