Itxi

kultura

Donostia 2016

Hiru sortzailek Wroclaw eta Donostia batuko dituzte

Erredakzioa

Matxalen de Pedrok, Goiatz Labandibarrek eta Maialen Sarasuak Polonian egonaldi artistikoa burutuko dute Etxepare Institutuak eta Donostia 2016 egitasmoek bultzatutako ekimenari esker.

  • Aukeratutako artisten aurkezpen prentsaurrekoa.Donostia 2016.

    Aukeratutako artisten aurkezpen prentsaurrekoa.Donostia 2016.

Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia 2016 Fundazioak uda honetan Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistiko bat egiteko aukera eman nahi izan diete hiru euskal sortzaile ezberdinei pasa den abenduan abian jarri zuten deialdiaren bitartez.

Matxalen de Pedro (Bilbo), Goiatz Labandibar (Oiartzun) eta Maialen Sarasua (Orio) izan dira egonaldia egiteko aukeratutako sortzaileak.

Ekimen honetan parte hartzeko aurkeztutako proposamenek Wroclaw/Donostia 2016eko Europar hiriburutzetako ildoa izan behar zuten eta mugikortasuna, kulturen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzeko xedea izan behar zuten.

Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Iker Tolosa Donostia 2016ren kultur programaren kideak eman dute jakitera aukeratutako sortzaileen izenak. Hiru egitasmoak oso lan interesgarriak jorratuko dituztelako aukeratu dituztela esan dute eta ildo horretan lanean jarraitzeko gogoa eta ilusioa dutela gaineratu dute.

Ekaina-Uztailean Wroclawera bidaiatzeko hautatuak izan diren hiru egitasmoak egileek beraiek aurkeztu dituzte; guztiak emakumezkoak dira. Matxalen de Pedro Wroclaw hiriko paisaia urbanoan murgilduko da, atzerritar baten ikuspegia jasoko duen audio-gida bat sortzeko asmoz.

Goiatz Labandibarrek hamabi narrazio idatziko ditu, argazkilari poloniarrek eta euskaldunek egindako beste hainbeste irudi oinarri hartuta: guztiak zuri-beltzezko irudiak eta emakumeak protagonista dituzten argazkiak izango dira.

Maialen Sarasuak bi hirien arteko zubi berri bat eraikiko du sortuko duen dokumentalean: gaua iristear Wroclawen pizten den farolak, Urumeako uretan izango du erreflexua.