Itxi

kultura

Lumentxa kobazuloa

Paleolitoko labar pinturak topatu dituzte Lekeitio eta Ispaster artean

Erredakzioa

Lekeitio eta Ispaster arteko Lumentxa kobazuloan bi bisonte eta zaldi buru bat irudikatzen diutzten margo gorrixkak agertu dira. K.a.-ko 14.000 eta 12.400 urteen artean egin zituzten margoak.

1:12

Bi arkeologo bizkaitarrek Madeleine aldiko horma-margo gorrixken hainbat multzo topatu dituzte Lumentxa kobazuloan, Lea Artibain, Lekeitio eta Ispaster artean.

Kasualitatez aurkitu zituzten errepresentaziook, indusketa lanen arduradunek gaur azaldu dutenez, 2012ko otsailean, kobazuloaren barrualdea aztertzen ari zirela. Bi bisonte agertzen dira irudietan, margo gorriz pintatuta, eta zaldi buru txikiago bat horien barruan.

Pintura nagusiak hartzen dituen harriaz gain (gainetik grafiti bat dauka margotuta), arkeologoek beste 24 puntu, orban eta zirriborro gorri aurkitu dituzte bertan, denak ere gorriak, baita beroriek egiteko erabili zuten jalkina eta suharrizko tresna bat ere, kobaren horma batean txertatuta.

Sarbidea Lekeition duen eta Ispasterreko lurrak ere hartzen dituen kobazuloko galeria nagusian topatu zituzten margoak.

Pinturak handiak dira oso, 1,70 metro zabal, kantauriar eremukoei barik, piriniar eremuko haitzetako pinturei dagokien bezala. Aspaldi hasi ziren koba honetan azterketak egiten, eta, besteak beste, Joxe Migel Barandiaran eta Claudio Aranzadi aritu izan dira bertan indusketa lanetan.

Aurkikuntzaren arduradunek emandako datuen arabera, K.a.-ko 14.000 eta 12.400 urteen artean egin zituzten margoak.

Josune Ariztondo Aldundiko foru diputatuak esan duenez, aztarnategia itxi egin dute, hobeto gordetze aldera, eta publikoak ezingo du oraingoz bisitatu.