kultura
Film laburrak
63 film labur, Kimuak 2014 katalogoan izateko lehian
Erredakzioa
Astelehenean bilduko da EAEn zuzendutako edo ekoiztutako film laburrak sustatzea eta banatzea helburu duen programaren epaimahaia.
-
Ander Mendiaren 'Beerbug' Kimuak 2012 katalogoan sartu zen. Iturria: Kimuak.
2014ko Kimuak katalogoan parte hartzeko egindako deialdira 63 film labur aurkeztu dira. Maiatzaren 30ean, ostirala, itxi zuten ekimen honetan parte hartzeko deialdia.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez sustatzen duen Kimuak egitasmoak, Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatua, Euskal Autonomia Erkidegoan zuzendu edo ekoiztutako film laburren sustapena eta banaketa du helburu.
Ikus-entzunezkoen munduko bost profesionalez eta adituez osatutako hautespen batzorde independente batek erabakiko du zeintzuk izango diren Kimuak 2014 katalogoan parte hartuko duten lanak.
Aurtengo epaimahaia honako kideek osatzen dute: Maialen Beloki, Donostia Zinemaldiko Zuzendaritza eta Hautespen-batzordetako kidea eta Zinemira sailaren eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren Arduraduna, Josemi Beltrán, Donostia Kulturako Zinema Arduraduna, Ismael Martín, ECAM zinema eskolako eta Madrid en Corto egitasmoko Sustapen Arduraduna, Edurne Ormazabal, EITBko Arlo Komertzialeko Zuzendaria, eta Jorge Sanz, Kultur Kudeatzailea eta Aguilar de Campooko Film Laburren Jaialdiko Koordinatzaile Orokorra.
Datorren astelehenean, ekainaren 9an, bilduko da epaimahaia eta egun horretan bertan emango da jakitera katalogoa osatuko duten lanen izenak.