kultura
Aztarnategia
Iruña-Veleian indusketa gehiago egingo dituzte uda honetan
Erredakzioa
Arabako aztarnategian egingo duten bosgarren indusketaldia izango da. Ekainetik urrira bisita gidatuak egingo dituzte; izena telefonoz eman beharko da.
-
Iruña Veleia
Iruña-Veleiako aztarnategiko ikertzaile taldeak indusketei ekingo die berriz uda honetan, Erromatar Inperioaren garaiko aztarnategi garrantzitsu hau hobeto ezagutzeko eta bertako ondarea ezagutarazteko helburuz.
Itziar Lamarain Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak Iruña-Veleian egingo diren bosgarren indusketen nondik norakoak azaldu ditu gaur. 'Iruña-Veleia 2010-2020' planari dagozkio lanok.
Oraingoan, arretagune nagusia "macellum" erdialdeko eraikin publikoaren hondarrak izango dira, bertako indusketa lanak bukatu eta jasotako informazioa aztertuko baitute, foru diputatuak azaldu duenez. Eraikin hori indartu eta ondo atondu nahi dute, "laster bisitentzat ere zabalik egon dadin".
Julio Nuñez EHUko Arkeologia irakaslea buru duen aditu taldeak egingo ditu aztarnategiaren ondarea ikertu, gorde, babestu eta zabaltzeko indusketa lanak. Iruña-Veleiakoa "Erromatar Inperioaren garaiko garrantzitsuenetakoa da, Araban ez ezik, Euskal Herri osoan ere", foru diputatuaren esanetan.
Sarbide berria
Aurreko edizioetan bezala, hainbat atontze lan egingo dituzte aztarnategian: garbiketa lanak, sastrakak kentzeko lanak... Inguruko seinaleak ere berriztatuko dituzte.
Gainera, ekain eta urri artean bisita gidatuen programa egongo da. Asteartetik igandera egin ahalko dira, 11:00etatik 14:00etara, eta, aurretik, 945 40 33 44 telefonoan izena eman behar da.