kultura
Jantzigintza
XVIII. mendeko jantziak, San Telmo Museoan ikusgai
Erredakzioa
"Frivolité" erakusketa ekainaren 14tik irailaren 28ra egongo da museoan. Goi gizarteko herritarrei dagozkie jantzi gehienak: soinekoak, kasakak, galtzak...
-
Frivolite jantziak
Antolatzaileek azaldu dutenez, "San Telmo Museoko XVIII. mendeko jantzien bildumaren ezaugarri behinena da sorta zabala eta askotarikoa eskaintzen duela espezializatu gabeko museoetan aurkitzen zailak diren jantzietan". Gehienak goi-gizarteari dagozkio, eta batzuk nabarmenak dira ehunen eta broderien kalitate bikainarengatik. Ezaugarri horiei esker, suma daiteke gortesauen "frivolité" nabarmena.
Aurkezten diren jantzien artean, soinekoak, kasakak, txupak, galtzak edo jipoeak daude, baita museoaren bildumako beste objektu batzuk, haize-emaile edo poltsak esaterako, testuinguru gisa baliagarri diren jatorrizko elementuekin batera: estanpak, koadroak, aldizkariak...
Piezak erakusteaz gain, deskripzio xumeaz haratago doazen testu laburrei esker, erakusketak XVIII. mendeko frantziar modaren inguruko beste hainbat alderdi ere azaltzen ditu, Europako gorte guztietan presente zegoena, eta baita hark ordezkatzen zituen gustu estetikoak eta ohiturak. Horrela, frantses erako soineko bat nolakoa zen jakiteko aukera izango da, edo nolakoa izan zen kasakatik frakerainoko eraldaketa, baina baita zer egin zen brageta debekatzeko edo zein esamolde erabiltzen ziren kolore horiaren ñabardurak adierazteko.
Ondorioz, erakusketa honen prestakuntza lanen artean garrantzi handia izan du piezen zaharberritzeak. Iaz geroztik lan handia egin da profesional ezberdinekin eta ehunen zaharberritzean espezializatuta dauden zentroekin. Lan honen laburpen bat ikus daiteke erakusketaren azken atalean dagoen bideoan, piezen kontserbaziorako ezinbestekoa den prozesu geldoa ezagutarazteko helburuarekin. Bisitarien eskura egongo dira halaber prozesuaren informazioa eta argazkiak jasotzen dituzten tabletak.
Zehazki, 42 pieza aurkezten dira Frivolité-n.