Itxi

kultura

Uztailaren 1etik 5era

Bilboko XV. Kalealdiak 31 konpainia eta 59 ikuskizun bilduko ditu

Erredakzioa

59 emanaldi antolatu dituzte Abando eta Zazpikaleetako hainbat tokitan: kale antzerkia, zirkua, dantza, mimoa, "clowna", malabarismoa, performance artistikoa...

Bilboko Kalealdia jaialdiaren 15. edizioak 31 konpainiako 108 artista bilduko ditu uztailaren 1etik 5era bitartean, eta guztira, 59 emanaldi antolatuko dira, Abando eta Zazpi Kaleetako leku desberdinetan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, egitarauan era askotako ikuskizunak bildu dira, hala nola kaleko antzerkia, zirku ikuskizunak, dantza, mimoa, clowna, objektuen manipulazioaren inguruko malabarismoa, performance artistikoa edo Arriaga antzokiaren fatxadaren parean egingo den antzerki bertikaleko ikuskizun bat.

Aurtengo edizioko aurrekontua iazkoa baino % 45 handiagoa da, 134.000 eurotik 194.000 eurora igaro da, eta horrek dagokion eragina izango du programaren kalitatean. "Igoera horrek berretsi egiten du Udalak kaleko antzerki eta arteen alde egindako apustua, Bilboko Kalealdia Hirian antolatutako kultur eta aisia arloko maila goreneko udako eskaintzatzat jarri duena", adierazi dute.

Bilboko Kalealdiak ohiko agertokiak izango ditu: Areatza, Plaza Barria, Arriaga plaza, Arbieto kalea eta Foru Jauregia, Kale Nagusian. Era berean, ikuskizun bat izango da Epaltza kalean, Zubi Zuriaren aurrean. Ohikoa denez, jaialdiaren hasierako bi egunetan, ikuskizunak Zabalgunean eta Zazpi Kaleetan izango dira, eta gainerako hiru egunetan, Alde Zaharrean.

Kaleko arte eszenikoetan trebatutako euskal konpainien aldeko apustuari eutsita, Bilboko Kalealdiak bertako talde hauek bildu ditu aurtengo ediziorako: Hortzmuga, Ertza, Organik, Kukai, Ganso & Cía., Malas Compañías, Barbara Govan eta Kolectivo Monstrenko & Zanguango Teatro, Euskadiko talde batez eta Gaztela eta Leongo beste batez osatutakoa.

Halaber, gainerako konpainien jatorriari dagokionez, 13 talde edo banakako artista Frantziakoak dira, bi Japoniakoak, bat Italiakoa eta beste bat Holandakoa; beste sei Kataluniatik etorritakoak dira, bat Gaztela eta Leongoa eta gainerako zortziak Euskal Herrikoak. Guztira, 108 pertsonak osatzen dute Bilboko XV. Kalealdian Bilbon bilduko den artista multzoa.