Itxi

kultura

Heriotza

Robin Williamsek bere buruaz beste egin zuen, gerriko bat erabilita

Erredakzioa

Aktorea atzo hil zen, 63 urte zituela. Ggerriko bat erabiliz urkatu zuen bere burua, bere logelan.

Robin Williams aktore estatubatuarra asteartean zendu zen, 63 urte zituela, Kaliforniako Tiburon herrian zuen etxean. Marin konderriko agintariek jakinarazi dutenez, lehen ikerketen arabera, aktoreak bere buruaz beste egin zuen, bere logelan gerriko bat erabiliz bere burua urkatuta.

Bere burua hil zuela uste arren, Poliziak agerraldia egingo du kazetarien aurrean, autopsiaren berri jaso eta gero.

Azken asteotan "depresio gogor baten aurka" aritu da Williams, aktorearen bozeramaileak, Mara Buxbaum-ek, aditzera eman duenez. "Ustekabean galdu dugu", gaineratu du.

Williamsen emazteak (Susan Schneider) esan du "bihotza urratu" zaiola, eta, senarra izateaz gain, bere "lagunik onena" ere bazela adierazi du. Haren heriotzagatik barik, Williamsek "milioika laguni eragindako barre eta zoriontasunagatik" gogoratzea eskatu du.

Uztailean, Minnesotako errehabilitazio zentro batean sartu zen bere kabuz, urtebetez lanean egon ondoren.

Kokaina eta alkoholarekin hainbat arazo izan ditu Robbin Williamsek 80ko hamarkadatik. Urte askotan, menpekotasun horietatik urrun mantentzea lortu zuen, baina 2006. urtean berriz erori zen.

Atzo ikusi zuten bizirik azkenekoz, Kaliforniako Tiburon herrian zuen etxean. Goizaldean, larrialdi zerbitzuei hots egin zieten, aktorearen egoeraz ohartarazteko. Medikuak aktorearen etxera iritsi zirenean, Williams arnasik eta konorterik gabe aurkitu zuten, eta haren heriotza egiaztatu besterik ezin izan zuten egin.

Robin Williams izarra

Zine munduan ibilbide luzea izan du Robin Williamsek. 1998. urtean, Oscar saria lortu zuen, eta 5 Urrezko Globo ere eskuratu zituen. Oscar saria Good Will Hunting filmari esker lortu zuen.

1951. urteko uztailaren 21ean jaio zen, Chicagon, eta "Happy Days" telesailean eman zituen bere aurreneko pausoak, 1974. urtean. Zinean, Popeye (1980) izan zen bere lehen filma, baina hamarkada horretako bigarren zatira arte ez zuen ospea lortu.

Good Morning Vietnam filmean egindako lanagatik, Oscar saria jasotzeko izendatu zuten 1988an, baina ez zuen lortu. 1990ean eta 1992an ere bi izendapen izan zituen, El club de los poetas muertos eta The Fisher King filmetan egindako lanengatik. 1998an lortu zuen azkenean Oscar saria, Good Will Hunting pelikulagatik.

Aurten The Angriest Man in Brooklyn komedia eta Boulevard dramak estreinatu ditu, eta urte amaierarako Merry Friggin' Christmas eta Night at the Museum-en hirugarren zatia prest zituen. Horrez gain, telebistan ere aritu da azken hilabeteotan.

Robin Williams hainbat filmerengatik gogoratuko dugu: Awakenings (1990), Hook (1991), Aladdin (1992), Mrs. Doubtfire (1993), Jumanji (1995), Patch Adams (1998), Bicentennial Man (1999), The Butler...