kultura
EITB- Zinemaldia
EiTBk eta Donostiako Zinemaldiak lankidetza hitzarmena berritu dute
A.E.
EITB
ETBk babestutako Lasa eta Zabala eta Loreak filmak sail ofizialean emango dituzte. Gainera, Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra dokumentala aurkeztuko du EiTBk irailak 24ean.
EiTBk eta Donostia Zinemaldiak lankidetza hitzarmena berritu dute ostiral honetan, abuztuaren 29an, Donostian. José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak hartu dute parte ituna izenpetzeko ekitaldian.
Irailaren 19etik aurrera, Euskal Irrati Telebistako hedabideek —ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Gazteak eta eitb.eus-ek— jarraipen zabala egingo diote Zinemaldiari. Hasteko, irailaren 19ko irekiera ekitaldia zuzenean eskainiko du ETB1ek, eta 27ko itxiera ekitaldia ere zuzenean jarraitu ahal izango da euskarazko kanalean. Donostia Saria, eta Zinemira Saria ekitaldietan ere egongo da Euskal Telebista.
Ekitaldi horiek guztiak streaming bidez izango dira ikusgai eitb.eus web atariak Zinemaldiari eskainiko dion atalaren barruan.
‘Egun On Euskadi’, ‘ETB Hoy’ , 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek eta 'Sin Ir Más Lejos' saioak, arreta berezia eskainiko diote zinemaren nazioarteko jai handiari. ‘EiTB Kutura’ saioak, irailaren 18an, denboraldiko lehen atalean euskal zineak Zinemaldian duen presentzia jorratuko du.
Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak, eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.
Loreak eta Lasa eta Zabala sail ofizialean
Nabarmentzekoa da ETBk babestutako bi film sail ofizialean egongo direla aurten. Batetik, Irusoinek ekoitzi eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak eta, bestetik, Abrak ekoitzi eta Pablo Malok zuzendutako Lasa eta Zabala.
Azpimarragarriak, bestalde, Zinemira atalean ikusgai izango diren bi dokumental: Oskar Tejedorrek zuzendutako Notas en movimiento, Sincro ekoiztetxearena, eta Señales de vida: Nestor Basterretxea, Mamoka films-ek ekoitzi eta Gentzane Martínez de Osaba eta Alexander García de Vicuñak zuzendua.
Horrez gain, ETBk Zinemira galan emango den Borja Cobeagaren Negociador filmean ere hartu du parte. Belodromoan, berriz, Abrak ekoitzitako Dixie eta matxinada zombia animaziozko film luzea eskainiko da.
Film luze horrez gainera, Zinemiran eskainiko diren Kimuak sortako film laburrak ere aipatu behar dira. Aurrerago, telebistaz ikusi ahal izango dira film laburrok.
Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra dokumentalaren aurkezpena
Irailaren 24an Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra dokumentalaren aurre estreinaldia izango da Victoria Eugenia antzokian EiTBren eskutik. Josu Venerok eta Alberto Santanak zuzendu duten lana Euskal Herrian euskara noiz eta nola hedatu zen azaltzeko bidaia zientifiko zirraragarri bat da. Santana berak gidatutako dokumentalak azken aurkikuntza historikoak, arkeologikoak, genetikoak eta hizkuntzaren ingurukoak izan ditu kontutan. Ikerkuntza berrienak teoria harrigarriak proposatzen ditu Europako hizkuntzarik zaharrenaren hedapen berantiarra azaltzeko.