Itxi

kultura

Moda

Roberto Etxeberriak larrua laudatu du New Yorken

Erredakzioa

Eibartar diseinatzaileak 2015eko uda-udaberrietarako bilduma erakutsi du  AEBko hiriko Modaren Astean. Larrua, bere material gogokoena, omendu du bertan.

Roberto Etxeberria eibartar diseinatzailea New Yorkeko Modaren Asteko protagonista izan da bart; harekin batera, foku guztien hartzaile, DKNY, Diane von Fürstenberg eta Custo handiak. Etxeberriak bertaratutakoen oniritzi zabala lortu du, antzinako garaietan oinarrituta larruen laudamen magnetiko bat proposatuz.

Roberto Etxeberriak ibilbide labur baina oparoa du modaren munduan: "Nik ez dut horrelakorik nire bizitza osoan egin, oso denbora gutxi daramat lan honetan", esan du 38 urteko diseinatzaileak. Aurretik, iturgin eta edari-banatzaile jardun da, besteak beste, Bartzelonara aldatutako gipuzkoarra.

New Yorken, atseginez hartu dute haren proposamena bart; hain zuzen, nahi duen hori egiten duela ulertu dute bertaratutako gehienek. Erakustaldia hasteko, musika etnikoa jarri du, eta gorputz zardaiko gizonezko bi paratu ditu, agertokiaren alde banatan, "gustu onaren jainkoari" deitzen.

"Pura piel" bilduman, bere materialik gogokoena, larrua, goresten du Etxeberriak: "Gehien maite dudan ehuna da larrua, haren mota guztiak", azaldu du. Bi koloreko larruak, historiaurreko taxudun soinekoak… Nortasun handiz, larruaren ertz guztiak aletu ditu eibartarrak.

Bere bilduman, animalia dela ezkutatu gabe aurkeztu du gizonezkoa, generoaren topiko asko ostenduta, nolanahi ere: tolesdun prakak…

Besteak beste, Oscar Jaenada aktorea aritu da Etxeberriaren erakustaldian. Haren hitzetan, "ideiarik ez zuen" soinean zeraman arropaz, baina Etxeberriari mesedea egin nahi izan dio, "pelikula pila batean lagundu baitit".