Itxi

kultura

Urriak 22 – Azaroak 2

Bilbo dantza garaikidera eta antzerkira lerratuko da BAD jaialdian

Erredakzioa

BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren hamaseigarren edizioan, hogei bat konpainiaren azken lanak erakutsiko dituzte; konpainien erdiak euskal herritarrak izango dira.

  • Pippo del Bono Guggenheim museoan izango da hilaren 28an, 19:00etan.

    Pippo del Bono Guggenheim museoan izango da hilaren 28an, 19:00etan.

Euskal sorkuntza berriak eta nazioarteko konpainia gehiagoren presentzia handiagoak markatuko dute BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren edizio berria urriaren 22tik azaroaren 2ra.

 

Jada ohikoak diren agertokietan egingo dira ikuskizunak: BilbaoArte, La Merced, Rekalde aretoa, La Fundición, Muelle 3, Guggenheim Museoko auditorioa, Bilborock, Deustuko kiroldegia, Arriaga Antzokia; berrikuntza gisa, Arriaga plazak Cielo Raso euskal dantza konpainiaren aire libreko inaugurazio lana jasoko du (urriaren 22an, 19:00etan).

 

Guztira, programazioak 14 estreinaldi eta jaialdiaren hiru koprodukzio lan jasotzen ditu. Olatz de Andrés, Claudia Dias eta Laurentzi Produccionesekin lan egin du jaialdiak.

 

Pippo Delbono eta Jerôme Bel

 

Nazioarteko programazioari dagokionez, BADek Europa mailako antzerki dokumentaleko lan garrantzitsuenetako bi programatu ditu: Italiako antzerki garaikideko artista garrantzitsuenetako batek, Pippo Delbono italiarrak, “Racconti di Giugno” erakutsiko du Guggenheim Museoaren auditorioan, urriaren 28an, 19:00etan. Gainera, dantzaren berrikuntzan eragin handia izan duen artista batek, Jérôme Bel dantzari eta koreografoak, “Cedric Andrieux” taularatuko du La Merceden, urriaren 25ean, 21:30ean.

Euskal lanak

 

BAD-en aurtengo programazioaren beste ezaugarri bat, euskal sorkuntza berriaren barruan sartu daitezkeen konpainien presentzia garrantzitsua da. Konpainia horiek euren azken lanak aurkeztuko dituzte ikus-entzuleen aurrean.

 

Horrela, Metrokoadroka & J.B. Pedradasen “Salto” (euskaraz), Horman Posterren “Magia Sinpatikoa” dantza-performance eleanitza (euskaraz), Khea Ziaterren “Not (never on time)” eta Naiara Mendioroz & Javier Murugarrenen “Bi – hots” erabateko estreinaldiak izango dira.

 

Sarrerak

 

Ikuskizun guztiek 10 euroko prezioa izango dute txarteldegian erostean, eta 8 euro aurretiko salmentan edo internetez erosten badira. Aurreko edizioetan bezala, Bonobad erosteko aukera egongo da, 20 eurokoa (3 ikuskizun) eta 50 eurokoa (10 ikuskizun). Prezioei, aurretiko salmentari eta erreserbei buruzko informazio guztia jaialdiko webgunean jaso daiteke, eta urriaren 14tik aurrera, Errekalde Aretoan egongo den informazio bulegoan.