Itxi

kultura

Kulturaren hiriburua

Donostia 2016ren egoitza inauguratu dute

Erredakzioa

Suhiltzaileen garai bateko eraikinean dagoen egoitza ezagutzeko aukera izango dute asteburu honetan herritarrek. Jabier Lekuona arkitektoak izaera “bizia” duen egoitza sortu du.

2:51

Egoitza berrian lanean urte hasieratik aritu arren, atzo inauguratu zituen Donostia 2016k bulego berriak. Ekainean ireki zizkieten lehen aldiz herritarrei ateak, eraikina barrutik erakusteko, eta asteburu honetan ate irekien jardunaldia egingo dute, nahi duen orok egoitza bertatik bertara ezagut dezan.

Donostia 2016ren bulegoak Donostiaren erdialdean daude, orain hiru urte arte Donostiako suhiltzaileek erabiltzen zuten egoitzan hain zuzen ere. Eraldaketa ugari izan dituen arren, berrikuntza gehiago ere egingo dituzte eraikinean, Kultura Hiriburu izateak sor ditzakeen beharrak asetzeko.

Inaugurazio ekitaldia atzeratu egin da. Itziar Nogeras aurreko zuzendariaren dimisioak, Pablo Berasategi egungo zuzendariaren izendatzeak eta egun egoki bat topatzeko arazoek atzeratu dute ateak irekitzeko ekitaldi ofiziala.

Jabier Lekuona arkitektoaren lantaldea arduratu da suhiltzaileen egoitza egungo beharretara egokitzeaz. Ohiko paretak palet bidez egindako hormez ordezkatu dituzte. Horma horietako batzuk finkoak dira, eta beste batzuk, berriz, mugikorrak; margotu gabe daude batzuk eta gorriz margotuta besteak.

Eraikinaren izaera “bizia” nabarmendu du Lekuonak inaugurazio ekitaldian, eta eraldaketa berriak iragarri ditu.

“Oso aurrekontu murritza genuen, eta irudimena erabiltzea ezinbestekoa izan da”, esan du arkitektoak. “Gure baliabideak erabilita egin dugu lan, Udaleko arotzak erabilita esaterako, eta horrek lanen kostua murriztu du”, azaldu du.

Donostia 2016k beste hitzordu bat ere badu aste honetan. Kultura Hiriburu izan diren, diren edo izango diren 16 ordezkarirekin bilduko da, antolaketaren inguruko esperientziak partekatzeko.