Itxi

kultura

Musika Sari Nazionala 2014

Savallek saria arbuiatu du eta Gobernuak erabakia 'errespetatu' du

Erredakzioa

“Sakrifizio” gisa hartu dutenek “artisten duintasuna defendatzeko pizgarri” bezala ulertzea “espero” du Kataluniako musikariak.

  • Jordi Savall Kataluniako musikaria. Argazkia: EFE

    Jordi Savall Kataluniako musikaria. Argazkia: EFE

Javier Mariasek edo Santiago Serrak egin bezala, Jordi Savallek Musika Sari Nazionala errefusatu du. Espainiako Gobernuak artearen defentsan “interes eta gaitasun falta” azaldu duela uste du Kataluniako musikariak. Savallen erabakiarekiko “errespetua” azaldu du Exekutiboak.

Horrela, 30.000 euroko saria arbuiatu du Savallek. “Espainiako musika ondarea berreskuratzeko eta hedatzeko orduan egindako lan nekaezina” aintzat hartu du epaimahaiak. “Tristura handiarekin” sariari uko egin dio musikariak.

“Sakrifizio” gisa hartu dutenek “artisten duintasuna defendatzeko pizgarri” bezala ulertzea “espero” duela onartu du Savallek agiri batean. Musikariaren hitzetan, “gure gazteentzako etorkizun itxaropentsua imajinatzeko eta eraikitzeko” gogoeta egiteko balioko du “agian”.

Savallen erabakia “errespetatzen” duela esan du Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak. Kataluniako musikariari saria emateko merezimenduak eta lana errepikatu ditu Gobernuak. Bestalde, saria emateko erabakia “epaimahai independente bateko kideek” hartu zutela goraipatu du Ministerioak.