Itxi

kultura

‘Energia olatuak’

Donostia 2016k herritarren proiektuak diruz lagunduko ditu

Erredakzioa

DSS-2016k 214.920 euro erabiliko ditu, herritarren eta irabazteko asmorik gabeko elkarteen ekimenak diruz laguntzeko, Energia Olatuak programaren bidez.

Herritarrek zuzen-zuzenean parte hartuko dute Donostia 2016ko programazioan. Kulturaren europar hiriburutzak diruz lagunduko ditu partikularrek eta irabazteko asmorik gabeko elkarteek proposatutako hainbat proiektu, eta, horrela, Pablo Berastegui buru duen taldearen programazioa osatuko dute.

DSS-2016k 241.920 euro bideratuko ditu laguntza horietara, eta “Energia Olatuak” programaren bidez antolatuko du hori. Deialdi publikoak egingo dituzte, eta zozketa batean aukeratutako 75 herritarren kontseilu batek ebatziko du dirua zer proiekturentzat den. Ardora izena izango du gizon-emakume talde horrek.

Proiektua garatzeko, 2014an Europako kultur hiriburu izan zen hiri batera begiratu dute, Umea hiriaren (Suedia) “esperientzia arrakastatsura”, baina  Donostia 2016ren filosofiara egokituko dute egitasmoa, “parte-hartzea proiektuaren ADNan baitago”.

Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendariak eta Xabier Paya kultur proiektuaren arduradunak azaldu dute gaur proiektua, prentsaurreko batean, Juan Karlos Izagirre alkatea aldean zutela. Alkateak esan duenez, herritarren “ilusioa” pizten dute horrelako ekimenek.

“Ez gaude ideien faltan. Ez gara laguntza eskatzen ari. Lan egiteko modu berria da”, esan du Payak Energia Olatuak egitasmoari buruz. 66 proiektu gorpuztuko dituzte programa horretan, eta horietako sei maila handiagokoak izango dira.

Martxotik abendura

Sei horietarako, 20.160 euroko sei diru laguntza emango dituzte, eta Europar Batasuneko herritar guztiek eman ahal dute izena. 2.016 euroko 60 laguntzetarako izena ematen dutenak, ostera, Euskal Herrikoak izan beharko dira.

Martxotik abendura, proiektu txikietarako (bost, astean) eta handien erdietarako (bat hautatuko dute, bi hilean behin) diru laguntzen deialdiak egingo dituzte. Dirua jasoko dituzten egitasmoak zein diren abenduan ebatziko dute, ezohiko deialdi batean.

Energia Olatuak martxoaren 1ean abiatuko da. Diru laguntzak eskatzeko zer egin behar den, Donostia 2016ren webgunean argitaratuko dute, baina parte hartzea sustatze aldera eskabideak betetzea erraza izango dela aurreratu dute.

Datorren astean, gainera, edukien aurrerapen bat zabalduko du Donostia 2016k, auzoz auzo.