Itxi

kultura

Antzerkia

Sabin Bikandik eta Kukaik Max saria jaso dute Bartzelonan

eitb.eus

Kukairen 'Gelajauziak' lanagatik Musika Konposiziorik Onenaren Max saria eman diote Bikandiri. Bestalde, dantza taldeak Antzezle-zerrendarik Onenaren saria lortu du.

01:04

Antzerkiaren Max sarietan arrakasta izan du euskal kulturak. 18. edizioan Sabin Bikandi eta Kukai dantza taldea saritu dituzte.

Horrela, Kukairen Gelajauziak lanagatik Musika Konposiziorik Onenaren Max saria eman diote Sabin Bikandiri. Iñaki Salvador euskal herritarra ere lehian zegoen.

Aiko taldearen fundatzaileak familia, Xabier Erkizia egilekidea, Jon Maia eta Kukaiko kideei eskerrak eman dizkie bere hitzaldian. Danbolin-joleak ez ditu ahaztu eta euren lana ere eskertu du Bikandik.

Kukaik Antzezle-zerrendarik Onenaren saria lortu du. Iñigo Guardaminok, aldiz, Ezustekorik Onenaren saria lortzerik ez du izan.

Sari-banaketa Bartzelonako Barts aretoan egin dute. Espainiako emakume aktore handienei omenaldia egin diete zeremonian.

Beste golardoak

Antzerkiaren eta dantzaren munduko aktore eta interprete emakumezkoek banatu dituzte golardoak bart, Bartzelonako Barts aretoan.

Ekitaldiak aldarrikapen kutsu nabaria izan du. Izan ere, golardoen irabazleek kritika ugari egin dizkiote Espainiako Gobernuari, kulturaren arloko BEZa % 21era igotzeagatik, etxegabetzeengatik, emakumezkoen egoeragatik eta memoria historikoagatik.

Gainerako golardoei dagokienez, Cuando deje de llover Julian Fuenez Rezaren lanak hiru irabazi ditu: ikuskizun onenarena, zuzendaritza onenarena eta taldeko emakumezko aktore onenarena (Susi Sanchez).

Bestalde, Rosa Maria Sarda kataluniar aktoreak Ohorezko Max Saria jaso du, eta hitzaldian butifarra bat "oparitu" die agintariei oro har: "Parteka dezaketen opari bat da; nire herrialdean tipikoa da, butifarra; agintariek aurki oporrak izatea espero dut, aprobetxa dezatela!".

Gizonezko eta emakumezko aktore onenen sariak Lluis Homar kataluniarrak (Terra baixa) eta Blanca Portillo madrildarrak (El testamento de Maria) jaso dute.

Halaber, Autoretza onenaren golardoa Laila Ropollek eta Mariano Llorentek eskuratu dute, El triangulo azul lanagatik, eta saria Mauthausen kontzentrazio esparruan izan ziren 9.000 espainiarrei eta egun “Espainiako areketan lurperatuta eta egiaren eta justiziaren zain dauden 120.000ei”.