Itxi

kultura

Iruzkina

Askotan, 'amodioa' esaten dugunean, 'sexua' ere badiogu

Begoña del Teso | Cannes

Gaspar Noéren ‘Love’ filma da Cannesen aurtengo zita ezinbestekoa. 200 lagun geratu ziren atarian pelikula ikusteko sarrerarik gabe.

  • Love EFE

    'Love' filma ikusteko sarrerak eskatzen aritu dira ikusleak. Argazkia: EFE

2.300 besaulki ditu Grand Auditorium areto luxuzkoak. 200 lagun geratu ziren atarian asteazkeneko ordu txikietan hemen bildu diren orok Seul contre tous, Irreversible eta Enter into The Void filmekin gu denok eta zinema bera amildegi sakonetara eraman gintuen maisu basak, Gaspar Noé, hots, aurkezten zuen Love zelako aurtengo zita ezinbestekoa.

Ostegun eguerdirako irakurrita genituen, zegoenekoz, sarean agerturiko kritika gazi guztiak. Baina bost, La Soixentieme (400 leku) izeneko aretoko zabalgunean hurbildu ginen zientoka emanaldia hasi (16:00) baino bi ordu lehenago. Amodioz blai izanik, sexu harreman benetakoetan diharduen bikote horren istorioa dastatu, ukitu, gozatu, miazkatu eta aitor dezagun, guk ere laztandu nahi genuen.

Ez al da, bada, zinema voyeur, peeping tom, sudurluze guztien amets eta isla?

Aztezkenean baino lehenago ikusita genuen film pornorik 3 dimentsiotan?

Lehengo galderarako erantzuna: Bai, bada.

Bigarren galderako arrapostua: Ez, inoiz ez.

Hirugarren galdera: Horren pornoa al da Love?

Erantzuna, norberaren eskarmentuaren arabera: segun eta zenbat film porno ezagutzen duzun. Zenbat eta nolakoak.

Sexua badago pantailan. Zakilak eta aluak. Ipurdiak, titiak eta barrabilak. Baina, zer esango dizuet? Woodyrekin bat nator: sexuak zikina izan behar du edo ez da sexua. Eta hemen, dena da gardena (gorputzak ere bai), nahiz eta argia gorri iluna (edota marroi lainotua) izan…

Halare, nik ez nuke Love zapuztuko. Inola ere ez. Gustuko ditut Bizitzaz, Amodioaz, Sexuaz, Amerikaz, Frantziaz, Zinemaz egiten dituen hausnarketa harroskoak. Gustuko dut soinu banda. Gustuko irudiak. Gustuko bukaerako kreditu tituluak. Gustuko aretoan entzuten ziren nerbioz beteriko barre horiek eta besaukietan egiten ziren mespretxuzko keinu hipokrita amaigabeak ere…