Itxi

kultura

NAFARROA

Ramon Andres idazleak gaur jasoko du Vianako Printzea Saria

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Uxue Barkosek golardoaren izena aldatzea eta ekitaldiaren buruak Espainiako errege-erreginak ez izatea proposatu du.

  • Ramon Andres Gonzalez-Cobo idazlea. EFE

    Ramon Andres Gonzalez-Cobo idazlea. EFE

Ramon Andres Gonzalez-Cobo idazle, historialari eta musikologoak gaur jasoko du Kulturaren Vianako Printzea Saria, Leireko San Salvador monasterioan.

Ekitaldia 11:40an hasiko da. Besteak beste, honakoak izango dira bertan: Felipe VI.a eta Letizia Ortiz Espainiako errege-erreginak, Yolanda Barcina Foru Gobernuko jarduneko presidentea, jarduneko kontseilariak eta oro har Nafarroako agintari nagusiak.

Golardoa entregatu eta gero, agintari guztiak elizara joango dira, Nafarroako errege-erreginei omenaldia egiteko. Izan ere, Iruñeko Erreinuaren lehen buruzagiak bertan daude hobiratuta. Egurrezko arka horren aurrean, Felipe VI.ak lore sorta bat utziko du.

Barkos, golardoan aldaketak egitearen alde

Testuinguru horretan, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko hurrengo presidentea izateko aukera gehien dituen hautagaia (Geroa Bai) golardoan aldaketak egiteko prest agertu da. Hain zuzen ere, sariaren izena aldatzea eta ekitaldiaren buruak Espainiako errege-erreginak ez izatea proposatu du.

Horren hitzetan, sariak "norabide aldaketa" izan zuen 1993an, urte horretan Espainiako Koroarekin "lotu" baitzuten.

Barkosek adierazi du badagoela gauzak "lasaitasunez" egiteko "denbora", eta gai honetan alderdien artean akordioak lortzen saiatuko dela iradoki du.

Gainera, azken legegintzaldian Geroa Baik sariaren izena aldatzea proposatu zuela gogorarazi du.

Nolanahi ere, koalizioak gaurko ekitaldian parte hartuko duela baieztatu du.