Publizitatea
Itxi

2015/06/18

13:10

kultura

Balleta

Lucia Lacarrak aktore gisa debutatuko du, Ken Zazpiren musika lagun

Agentziak | Erredakzioa

Zumaiar dantzaria, Municheko Balleteko izarra, Bilbon grabatzen ari da egunotan; “The Key” Jon Ugarrizak zinema eta balleta uztartuta sortu duen lana filmatzen ari dira, Oscar Andresek zuzenduta.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Lucia Lacarra Municheko Balleteko dantzariak Bilbon lanean dihardu egunotan, aktore gisa izaten ari den lehen esperientzia gauzatzen. The Key, Ken Zazpi bizkaitar taldearen musika oinarri hartuta zinema eta ballet klasikoa uztartzen dituen lana, filmatzen ari da; Jon Ugarriza bilbotar koreografoak sortu du.

Lucia Lacarra (Zumaia, 1975) nazioarte mailan ospe handiena hartu duen euskal ballet dantzarietako bat da, eta Marlon Dino albaniar dantzaria du alboan lan honetan. Lacarraren hitzetan, “beste pertsona batekin maitemindu eta mundu magiko batean barneratzen den dantzaria” da ikus-entzunezko lanean, eta dantzaren bidez adierazten du sentimendu hori.

Paper bat jokatu eta dantzatzea “plazer handia da, eta espero dut hemendik hil batzuetara The Key lanaren magian sartzen diren ikusleek hori igartzea”, adierazi du Lacarrak.

Jon Ugarrizak sortzaileak azaldu duenez, “euskal zinemaren, dantzaren eta musikaren balioak batu nahi izan ditut bertan”.

Ugarrizak dantza klasikoan oinarritutako hainbat ikuskizun, Kai eta Donostia 1813 lanak egin ditu orain arte, besteak beste, eta “euskal kultura munduratzen lagunduko duen zerbait erakargarria” egin nahi izan duela erantsi du.

“Lucia alboan izatea oso garrantzitsua izan da, edertasunaren eta artearen gaineko ikuspegi berdintsua baitaukagu biok”, esan du.

Bideoa Oscar Andres bilbotar zinemagile eta argazkilariak zuzendu du. Esperientzia handia du film laburren munduan, eta Sormen Lantegiak Eusko Jaurlaritzaren laguntzen irabazlea izan zen 2013an.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena