Itxi

kultura

Uda honetatik aurrera

Liburu digitalak eskuragarri eta doan, EAEko 700.000 irakurlerentzat

Agentziak | Erredakzioa

Bilbo, Donostia eta Santurtziko liburutegiak Euskadiko irakurketa publikoaren sarean sartuko dira; hortaz, milaka erabiltzailek izango dute eLiburutegia doako mailegu zerbitzurako sarbidea.

Bilbo, Donostia eta Santurtziko liburutegiak hurrengo asteetan sartuko dira Euskadiko irakurketa publikoaren sarean; hori dela eta, 700.000 lagunek baino gehiagok izango dute sarbidea eLiburutegia doako mailegu zerbitzura.

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak prentsaurrekoan azaldu duenez, eLiburutegia orain dela zazpi hilabete jarri zuten martxan, eta ordutik hona 5.500 bat lagunek erabili dute, 12.000 mailegu inguru egiteko. Muñozen kalkuluen arabera, Bilboko, Donostiako eta Santurtziko liburutegien erabiltzaileek ere erabili ahal izango dutenez, liburu digitalen maileguaren zerbitzuko ahalezko erabiltzaileen kopurua askoz handiagoa izango da, eta, beraz, deskargen kopuruak ere gora egingo du.

Irakurketa euskarri digitalean, baina legearen barnean

Eusko Jaurlaritzak euskarri digitaleko irakurketa legearen barnean sustatzeko asmoz abiarazi zuen eLiburutegia; izan ere, EAEko Administrazioak tituluen lizentziak erosten dizkie argitaletxeei, eta liburutegietako erabiltzaileek doan deskarga ditzakete pasahitz jakin bat erabiliz. Horrela, pirateriaren aurka borrokatzen dute eta, halaber, egileei euren eskubideak ordaintzen dizkiete.

?Jendeak doako irakurketa egiteko ohitura hartu du, eta ez dago liburuak erosteko prest?, baina eLiburutegian deskargatu ahal dituzte, ?idazleek eta argitaletxeek lanean jarraitzea ahalbidetuz, gainera?. Maileguak 21 egunetarako egiten dira, eta erabiltzaile bakoitzak gehienez hiru liburu izan ditzake aldi berean maileguan.

Bilboko erabiltzaileak, uztailaren amaieran

Bilboko liburutegietako erabiltzaileek uztailaren amaieran izango dute sarbidea, pasahitzarekin, maileguko zerbitzu honetara; Donostiakoek, abuztuaren lehen astetik aurrera; eta Santurtzikoek, irailaren hasieran.