kultura
Ostiralean, Azpeitian
Lantegia, sormen eta hausnarketarako lehengai
Natxo Velez | eitb.eus
Corrugados Azpeitiko enpresa itxiko isiltasun inposatua antzerki, musika eta poesiaz hautsiko dute herriko sortzaileek ostiralean, hilak 17, publikoari kezkak, hausnarketak eta galderak helarazteko
Uztailaren 17an, ostiralarekin, Corrugados Azpeitiko lantegiak hautsak aterako ditu behingoagatik; fabrika itxi zutenetik urtebete luzez munstro hilaren hondarretan metatutako errautsa astindu egingo dute poesiak, antzerkiak eta musikak egun horretan, “Makina zoriontsuak” 50 minutuko ikuskizunean.
Emanaldian, Xabier Gantzarain, Xabi Borda eta Juan Azpillaga idazleek, Nekane Zinkunegi eta Jon Gurrutxaga bertsolariek, Felipe Murillo musikariak eta Haizea Egiguren eta Xanti Agirrezabala antzerkilariek parte hartuko dute, Jose Luis Otamendik idatzi eta aukeratutako testuak gorpuztuz.
Elkar-ekin elkarteak, Eneko Ibarguren kideak azaldu digunez “denontzako herri hobe baten alde” gai sozialen inguruan Azpeitian lan egiten duen taldeak, antolatu du ikuskizun “xumea”. “Duela hainbat hilabete” jarri ziren herriko kultura-sortzaileekin harremanetan, hain toki enblematikoan produkzio materialaren eta gizatasunaren arteko talkak, bi alor horien arteko orekak, pizten dituen hausnarketak bistaraziko zituen zerbait antolatze aldera, eta “harrera bikaina” izan zuten hastapenetatik sortzaileon aldetik, Ibargurenen hitzetan.
Lan horren emaitza Corrugados lantegiaren atarian erakutsiko diete herritarrei ostiralean, hilak 17, “Makina zoriontsuak” 50 minutuko ikuskizun doako eta irekian, 22:00etatik aurrera. 300 aulki paratuko dituzte behinola inguruaren motor ekonomikoa izan zen lantegiaren atarian, bertaratutakoek ekitaldi horretarako propio sortutako hainbat testu eta antzezlan, eta gai sozialen inguruko bestelako idatziak, Bertolt Brechten poemen irakurraldiak esaterako, goza ditzaten.
Lozorrotik aterako dira, bada, egun batez tximiniak, makinak... hausnarketarako akuilu izateko, ideiak fabrikatzeko.