kultura
Urriak 1-12
Ja! Bilbao jaialdiak Fernando Trueba sarituko du
Erredakzioa
Zinemagileak, berriki Espainiako Zinematografia Saria irabazi eta gero, Ja! Bilbao 2015 saria jasoko du urrian. “Quino Mafaldagatiko” erakusketa antologikoa ere jarriko dute ikusgai hirian.
-
Juan Bas jaialdiko zuzendaria eta Fernando Trueba
Aurtengo ediziotik aurrera Ja! Bilbao izena hartuko duen Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiak Fernando Trueba zinema zuzendaria omenduko du seigarren edizioan, “umorearentzat oso leku garrantzitsua gorde duen ibilbide profesionala” goratzeko.
Horrez gain, urriaren 1etik 12ra Bilbon egingo den jaialdiko beste elementu azpimarragarrienetako bat “Quino Mafaldagatiko” Joaquín Lavado Quino marrazkilari argentinarraren omenez antolatutako erakusketa antologikoa izango da.
Fernando Trueba zinemagile, ekoizle eta gidoilariak Kultura Ministerioak ematen duen Zinematografia Sari Nazionala irabazi du aurten bertan, eta BBK Ja! Bilbao 2015 saria jasoko du; 20.000 euro ekarriko dizkio izendapenak. Banaketa ekitaldia urriaren 12an izango da Campos Elíseos Antzokian, jaialdiaren programazioari amaiera emateko.
Bestalde, “Quino Mafaldagatiko” erakusketa antologikoa irailaren 23tik urriaren 18ra ikusi ahalko da Bilbon. Umoregile argentinarraren lehen argitalpenaren 60. urteurrena dela eta antolatu den erakusketa Hegoamerikan baino ezin izan da ikusi orain arte, eta Zabalgunea Eraikinak hartuko du.