Itxi

kultura

Elkarrizketa

'Tabakalerak pentsamendu, formakuntza eta sorkuntzari erantzungo dio'

Natxo Velez | eitb.eus

Ane Rodriguez Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari kulturalak espazioaren nondiko norakoak azaldu dizkigu. Sorgunea izango da, eta programa publiko integrala eskainiko du.

  • Ane Rodriguez, Tabakalerako zuzendari kulturala

    Ane Rodriguez, Tabakalerako zuzendari kulturala

Gaur zabalduko ditu ateak Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Donostian. Egiako tabako fabrika zaharrak hautsak astindu ditu, eta sorkuntzak hartuko ditu aurrerantzean behinola tabako belarrak hartzen zituen espazio eta txokoak.

Ane Rodriguez zentroaren zuzendari kulturalak esan digunez, helburu bikoitza izango dute: lantegia izango da batetik Tabakalera, eta behar dituen baliabideak jarriko ditu sortzaileen esku, eta, bestetik, publiko orokorrarentzako programa publiko integrala jarriko du herritarren gozagarri.

Zentroaren jarduerari, helburuei, baliabideei eta beste gauza askori buruz mintzatu zaigu Rodriguez elkarrizketa honetan.

Zer hutsune betetzera dator Tabakalera? Zergatik zen beharrezkoa Donostian?

Alde batetik, sorkuntzagune modura, sortzaileentzako lantoki izango den gunea dakar Tabakalerak. Egun, Administraziotik bultzatuta, badaude hainbat erakusketa espazio eta jaialdi, baina sorkuntzari dagokionez ez dago horrelako espaziorik.

Horretaz gain, Tabakalerak programa publiko integrala eskainiko du, eta, bestalde, erakunde desberdinen artean sorturiko sinergien ondorioz, proiektuak ere garatuko dira.

tabakalera4

Kultura aldekoa ez ezik, bestelako eraldaketak ere ekarriko ditu Egia auzoko egunerokora Tabakalerak, ezta? Egiako auzokideen bizimoduan ere eragina izango du…

Eraldaketa positiboa izango dela ziur gaude. Dagoeneko nabarmena da eraikinaren inguruan dagoen espazio publikoaren hobekuntza: Tabakalera inguratzen zuen hesia bota da eta, eraikina bera irekiagoa sumatzeaz gain, inguruko espazioa zabalago geratu da.

Gainera, Tabakalera bezalako espazio bat edukitzea luxu bat izango da, hainbat jarduera eta proiektutan parte hartzeko aukera eskainiko baitu.

Proiektu berritzailea da, baina historian sustrai sakonak dituen eraikin batean dago. Nola jokatu duzue bitasun horren aurrean?

Ezinbestean dago historia hori presente eraikinean nolabait. Gainera, espazio jakin bat eskaini diogu memoria horri, sotoa. Eraikinaren jatorrizko estruktura duen espazio txiki bat da, eta, bertatik abiatuta, langile ohi talde batekin, proiektu bat garatu dugu Pablo Marte eta Marion Cruza artistekin.

Oso prozesu polita izango da, eta, datozen hilabeteetan, proiektuaren osotasuna azaltzen joango gara.

“Malgutasunetik planteatutako espazioa”

Zer garapen izan du proiektuak? Zer aldaketa izan dira, arkitekturaren eta kultura programaren ikuspegitik, hasiera batean zirriborratutako proiektutik irailaren 11n zabalduko denera?

Tabakaleraren aurreko fasean, eraikinak bere osotasunean hartzen zuen proiektu kulturala. Hainbat proiekturen konfluentziarekin, 2010etik aurrera eman zen aldaketa handiena, proiektuaren kudeaketa eredua aldatu zenean. Kutxaren ekarpen ekonomikoak bere gain hainbat metro hartzea ekarri zuen, kudeaketa propio baterako, eta, bestalde, beste espazio batzuk ustiapen pribatuari ere eskaini zitzaizkion.

Beraz, lehen proiektu horretatik orain aurkeztu dugunera, nahiz eta aldea badagoen, badaude hainbat gauza berdin mantentzen direnak. Sorkuntza zentro bat da muinean, eta praktika artistiko garaikideak dira ardatz nagusia, ikus-entzunezkoek presentzia berezia dutelarik.

Aldaketa hauek, noski, eraikinari ere eragin diote. Jatorrian, bi zinema areto zeuden planteatuta, eta, orain, bakarra dago; lehenago, liburutegiak solairu oso bat okupatzen zuen, eta orain, 2.200 metro koadro inguru; plato bat baino gehiago zeuden... Oraingo espazioa malgutasunetik dago planteatuta.

tabakalera3

Zer baliabide izango dituzte eskura herritarrek Tabakaleran sormen lanak garatzeko, ekoizteko eta erakusteko?

Beti esaten dugu Tabakalerak bi eginkizun nagusi dauzkala: sortzaile profesionalei babesa eta beraien lanerako baliabideak eskaintzea, batetik, eta hiritar orori programazio publiko bat eskaintzea, bestetik.

Horretaz gain, sorkuntza liburutegiaren kontzeptutik, esate baterako, herritarrei sorkuntzarako baliabideak eskainiko zaizkie. Ubik izango da, zentzu horretan, hiritarrek sorkuntzarako baliabideak topatzeko espazioa: kamerak, platoa, teknologia, autoedizioa…

Prozesuak gerturatzea da intentzioa, eta, pixkanaka, kultur proiektuan dauden beste programetara bideratzea.

“Espazio multidiziplinarra”

Diziplinen arteko mugarik izango da eskaintzan? Sormenaren zer esparru bultzatuko dituzue?

Espazio multidiziplinartzat jotzen dugu geure burua. Egunean, sorkuntzak forma eta espresio desberdinak hartzen ditu. Garrantzia ematen diogu gogoetari, eta bertatik abiatuta, praktika artistiko garaikideek gure garaikidetasuna nola islatzen duten azaldu nahi dugu.

Egia da ikus-entzunezkoek presentzia berezia dutela. Zinema areto bat edukirik, pisua izango du, noski. Pentsamenduari, formakuntzari eta sorkuntzari erantzungo dio, halaber.

Ubik 2.400 metro koadroko mediateka “sorkuntza liburutegi” gisa aurkeztu duzue. Zer eduki eskainiko ditu eta zein euskarritan? Zer alde dago ohiko liburutegi batekin erkatuta?

Ubikek bi ezaugarri berezi ditu. Alde batetik, funtsa kultura garaikidean dago oinarrituta (ikus-entzunezkoak, arkitektura, pentsamendua, teknologia, artea, etab.); bestetik, sorkuntzara bideratutako zerbitzu eta baliabideak eskaintzen ditu.

Funtsa euskarri guztietan eskainiko da: soinua, ikus-entzunezkoak, papera, digitala… Baina Ubik sorkuntza espazio bat ere izango da. Hainbat lan estazio egongo dira esparru tematiko desberdinak lantzen: teknologiarako postu pare bat, autoediziorako beste bat, ikus-entzunezko platoa…

Ohiko liburutegietan ordenagailu bat erreserbatzen den moduan, Ubiken espazio horiek erreserbatu ahal izango ditugu. Gainera, programa garatuko dugu, baliabide horiek erabili ahal izateko.

Honen helburua pixkanaka publiko orokorra kultur proiektuaren gainerako arloetara bideratzea da; beraz, sorkuntza liburutegia sarrera puntua izango litzateke. Ubik-en beste betebeharra kultur proiektuan garatzen den programaren isla izatea da, eta gai horietan sakontzen laguntzea.

Tabakalera-Ane-Rodriguez

Hirikilabs laborategiak, berriz, teknologia sozial eta digitalak herritarrei hurbiltzeko programak dira. Zelan funtzionatzen dute?

Laborategiak kultur proiektuaren baliabideak dira, eta programa propioa dute. Alde batetik, egonaldietan dauden sortzaileek erabil ditzakete baliabideok, eta guk geuk ere. Irekierara begira, esate baterako, hainbat gauza Hirikilabsen eraiki ditugu gure makinekin. Proiektu deialdien bitartez ere, baliabideak erabili ahal izango dira.

Bestalde, programari dagokionez, komunitate teknologikoari bideratutako jarduerak antolatuko dira, baina, ezinbestean, dibulgazioarekin lotuago dauden familientzako lantegiak ere egingo dira.

Helburu garrantzitsuena teknologiaren alde soziala uztartu eta ezartzea litzateke.

“Hiritar ororentzako programa”

Nola erakarriko duzue publikoa zuen ekimenetara? Zer eskaintza izango du publiko ez-adituak Tabakaleran?

Gure programa publikoa herritar orori dago zuzenduta. Ez du zertan publiko aditu batera zuzenduta egon, baizik eta publiko interesatu batera. Erakusketak, esate baterako, hezkuntza proiektu batez egongo dira lagundurik, edukiak hobeto barneratze aldera. Honen helburua publiko orokorra inplikatzea da, eta, pixkanaka, publiko kritiko hori eraikitzen joatea.

Zinema programazioa, esate baterako, oso zabala izango da: hiri eta lurralde honetan badago zinemazale amorratu anitz. Zinemagileak eta bestelako adituak gonbidatuko ditugu edukietan sakondu ahal izateko.

Bestalde, argi dugu festa-giroa duten ekimenak ere egin nahi ditugula, udara begira, arinagoak, eguraldi ona aprobetxatuz.

Donostiako Zinemaldiak, Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiak eta Kutxa Fundazioak bertan jarriko dute egoitza. Zer bide zabaltzen ditu elkarbizitza horrek?

Jada badugu harremana erakunde horiekin guztiekin, eta, kasu askotan, gauza oso konkretuetan, gauzatzen ari diren proiektuetan. Eraikin berean batera egoteak onura dakar elkarlan hauek bideratzeko momentuan.

Aste honetan bertan iritsi dira Euskadiko Filmategiko kideak beraien bulego berrietara, eta oso hunkigarria da, egia esan. Edozein momentutan igotzen da Joxean Fernández, zuzendaria, gauza pare bat argitzera komunean dugun proiektu baten inguruan.

Gauzak asko erraztuko ditu, eta egunerokotasun horretatik, proiektuak sortu eta abiatuko ditugu.

Nola finantzatuko da Tabakaleraren ekimena?

Gure helburua eraikinak jasan behar dituen gastu guztiak autofinantzatuak izatea da, eta horrela, erakundeetatik jasotzen dugun dirua kultur proiektuetara bideratuko dugu soilik. Autofinantzaketa hori ondorengo bide hauetatik dator: bizilagunen artean gastuak partekatzea, aukeraguneen alokairua edota kanonak, espazio propioen alokairu puntuala ekimen pribatuetarako, eta babesleak.