kultura
Sariak
'Avatar' eta 'En tierra hostil', Oscarretarako faboritoak
Erredakzioa
Bederatzi izendapen jaso ditu film bakoitzak. Penelope Cruz hautagaien artean dago hirugarrenez eta Javier Recio Graciaren 'La Dama y la Muerte' film laburrak ere sarietako bat irabaz dezake.
James Cameronen Avatar eta Kathryn Bigelow zinegilearen En tierra hostil lanak dira nagusi film onenaren Oscarra jasotzeko hautagaien artean. Bederatzi izendapen jaso ditu pelikula bakoitzak, tartean sari nagusienetako batena: film onenaren Oscarra. Saria eskuratzeko hainbat filmekin ibiliko dira lehian: Lee Danielsen Precious, Jason Reitman zinegilearen Up in the Air, Lone Scherfigen An Education, Joel eta Ethan Coen anaien Un hombre serio, Neill Blomkampen District 9, John Lee Hancock zuzendariaren The Blind Side, Pete Docterren Up eta Quentin Tarantinoren Malditos Bastardos. Tarantinok zortzi izendapen jaso ditu guztira aurtengo sarietan.
Bestalde, Penelope Cruz madrildarrak 2010eko Oscar Sarietan bigarren mailako aktore onenaren saria jasotzeko izendapena jaso du. Nine musikalean egindako lanagatik hautatu dute Cruz, eta hirugarren izendapena da espainiarrarentzat. Joan den urtean bertan lortu zuen lehen Oscarra, Vicky Cristina Barcelona lanarekin. Dena dela, Mo'Nique aurkezle eta komediantea da saria lortzeko faboritoa, Precious filmean egindako lanagatik dagoneko Urrezko Globoa eman baitiote. Mo'Niquekin lehian ditugu, aukera gutxigorekin edonola ere, Anna Kendrick, Penelope Cruz bera, Farmiga eta Gyllenhaal.
Bikotekide ohien arteko lehia izango dugu aurten zuzendari onenaren sarian. James Cameron eta Kathryn Bigelow zinegile eta bikote ohiek Avatar eta En tierra hostil lanen zuzendaritzagatik irabaz dezakete Oscarra. Cameronekin eta Bigelowekin batera hautagaien artean daude Lee Daniels (Precious), Jason Reitman (Up in the Air) eta Quentin Tarantino (Malditos Bastardos).
Javier Recio Gracia espainiarraren La Dama y la Muerte film laburrak ere saria irabaz dezake 2010eko Oscarretan. Fabrice O. Jouberten French Roast lanarekin eta Nicky Phelan eta Darragh O'Connell zinegileen Granny O'Grimm's Sleeping Beauty filmarekin arituko da lehian Recio Grecia. 7 minutuko iraupena du lanak eta 3D teknologia estereoskopikoarekin Espainian egiten den lehen film laburra da. Adineko emakume baten azken egunak dira bertan mintzagai.
El secreto de sus ojos film argentinarra eta La teta asustada perutarra hautatu dituzte atzerriko lanen artean.
Beverly Hilseko Kodak Antzokian banatuko dira Oscarrak datorren martxoaren 7an.