kultura
Enkanteak
Markak, enkante etxeetan: Modigliani, Lichtenstein… eta Kurt Cobain!
Efe | eitb.eus
Christie’s-ek dirutza handitzarrak bildu ditu udazkeneko sasoia abiatu duen saioan. Kurt Cobainek “MTV Unplugged”en grabazioan soinean zeraman jertsearen truke 130.000 euro ordaindu dituzte.
Christie’s enkante etxeak udazkeneko denboraldia hasi du bart, marka berriak ezarri dituen gau batean: inoiz baino gehiago ordaindu dute Amedeo Modigliani, Roy Lichtenstein eta Paul Gauguinen artelan banaren truke.
Gai gisa "Artistaren musa" zuen enkantean, "Reclining nude" Modiglianiren pintura 158,4 milioi euroan erosi dute. Alde handiz gainditu dute, horrela, artista honen lan baten truke inoiz ordaindutako dirutzarik handienaren zenbatekoa, 66 milioi eurokoa baitzen orain arte.
Halaber, Gauguin eta Lichtensteinek ere marka ezarri dute. "Therese" Gauguinen lana etxera eraman zuenak 28,7 milioi euro ordaindu ditu, gaur arte inoiz artistaren eskultura baten truke emandakoa baino askoz gehiago.
Bestalde, "Nurse" Liechtensteinen lanaren truke 88,5 milioi euro ordaindu dituzte, antolatzaileek uste zuten baino 14 milioi gehiago.
Adituek aurreratu dutenez, denboraldi hau ez da udaberrikoa bezain oparoa izango. Sotheby’s eta Christie’s etxeek 1.700 milioi euro pilatu zituzten orduan, hiru gautan.
Kurt Cobainen jertsea
Horrez gain, goi leinuko artea ez ezik, ikono "alternatiboak" ere jotzen ditu enkante etxeen eta erosleen goseak.
Kurt Cobain Nirvanako burua zenak "MTV Unplugged" diskoaren grabazioan soinean zeraman jertsearen truke 130.000 euro ordaindu dituzte berriki, enkante batean.
Salgai jarri zuen etxeak jantziaren deskribapen zehatz hau egin zuen: "Ehun akrilikozkoa, mohairrarekin eta likrarekin nahasita. Bost botoi (bat falta da) eta bi poltsiko ditu. Erredura bat ere badu, eta kolorea falta zaio ezker poltsikoaren inguruan eta eskuin poltsikoan".
in poltsikoan".