Itxi

kultura

Urtarrilak 20-24

80 ekintza baino gehiago, Donostia 2016 abiatzeko

eitb.eus

Hiriburutzaren urtearen inaugurazioa urtarrilaren 20tik 24ra egingo da. Horren baitan, aparteko ikuskizun bat egingo dute urtarrilaren 23an, Maria Kristina zubian eta horren inguruan.

Hiriko ia berrogeita hamar eragilek eta kultura espaziok hirurogeita hamar ekintza baino gehiago gauzatuko dituzte hirian, urtarrilaren 20tik 24ra, Donostia 2016ren inaugurazioan.

Energia-olatuak laguntza-programari esker, hiritarrek sortutako eta aukeratutako hamaika proiektu ere egongo dira ikusgai, inaugurazio-egunetako kultura-eskaintza zabalaren osagarri gisa.

San Sebastian egunak emango dio hasiera inaugurazio-agendari, ohiko danborradarekin. Ondoren, aipatzeko moduko beste zenbait hitzordu ere izango dira: "1966 | Gaur Konstelazioak | 2016" erakusketa proiektuaren inaugurazioa, urtarrilaren 22an, San Telmon… Eta, beste ezeren gainetik, ekitaldi nagusia egongo da: hiritar guztiei zuzendutako aparteko ikuskizun bat. Hansel Cerezak diseinatu du, eta urtarrilaren 23an izango da, 20:00etan, Maria Kristina zubian.

Urtarrilaren 20an, eguerdian, haurren danborradan, konpainia berri batek hartuko du parte: lehenengoz, beste hiri bateko haurrek ere joko dute danborra, Sarriegiren konposizioen erritmoei jarraituz. Hain zuzen ere, Wroclawko haurrak izango dira; izan ere, Poloniako hiri hori ere Europako Kultur Hiriburu izango da 2016an.

Hasiera horren ondoren, programazio zabal batez gozatu ahal izango da lau egunez: hirurogeita hamar jarduera baino gehiago egongo dira.

Ekitaldi garrantzitsuenetako bat "1966 | Gaur Konstelazioak | 2016" erakusketa proiektuaren inaugurazioa izango da. San Telmo Museoan egingo da, urtarrilaren 22an. Gaur 70eko hamarkadako talde iragankorra du aztergai erakusketa horrek, eta, horrenbestez, garai hartako hainbat artistaren obrak erakutsiko ditu: Oteiza, Chillida, Zumeta, Basterretxea, Amable, Mendiburu, Sistiaga eta Balerdi.

Ekitaldi nagusia, urtarrilaren 23an

Inaugurazioaren momentu gorena Hansel Cerezak disenatutako ‘Elkarbizitzaren zubia’ ikuskizunak eskainiko du. Ekitaldia Maria Kristina zubi ingurura hainbat milaka jende erakartzeko pentsatuta dago. Urtarrilaren 23an, arratsaldeko 20:00etan puntuan hasiko den eta Urumea ibaiaren bi aldetatik ikus ahal izango den ikuskizuna Hiriburutzaren alegoria handia izango da.

Muntaia handi honen baitan herritarren partaidetzak garrantzia berezia izango du. Publikoaren banaketa modu ordenatuan egiteko, DSS2016EUk ikuskizunaren gunera denborarekin iristea gomendatzen du.