Itxi

kultura

Heriotza

Kontxu Odriozola aktorea hil da

EITB.EUS

Batik bat "Goenkale" ETB1eko telesailean Maria Luisaren papera egiteagatik da ezagun azpeitiarra.

1:15

Kontxu Odriozola euskal aktorea (Azpeitia, 1945) hil da gaur, 70 urte zituela, eitb.eus-ek jakin ahal izan duenez.

Antzerkian eta zineman (Hamaseigarrenean aidanez; Urte berri on, amona...) aritu bazen ere, ETBko hainbat telesailetan parte hartzeagatik egin zen ezagun azpeitiarra. ETB1eko "Goenkale"n Maria Luisaren papera egin zuen Odriozolak urte luzez, eta telesail mitikoaren pertsonaia maitatuenetakoa bihurtu zuen.

Halaber, "Goenkale"n arrakasta izan aurretik, "Bai horixe!" eta "Flamingo berria" ETBko saioetan lan egin zuen.

Lehenago, 80ko hamarkadan, Antzerti Eskolako aktore belaunaldi oparoko kideetako bat izan da Odriozola, eta Ama begira zazu antzezlan arrakastatsuarekin Euskal Herria alderik alde zeharkatuta, publikoaren barre algarak sortarazteko zeukan berezko gaitasuna erakutsi zuen.

2008an, Euskal Aktoren Batasunaren saria jaso zuen.

Albistearen berri izan eta gutxira Eneko Olasagasti zuzendari eta gidoilariak Euskadi Irratiari esan dionez, "denbora zeraman minbiziaren kontra borrokan", eta gaur "joan egin zaigu". "Aktore eta pertsona handia hil da", nabarmendu du.

EiTBren oharra

EiTBren zuzendaritzak oharra kaleratu du heriotzaren berri jasotakoan: "EiTBtik atsekabea agertu nahi dugu Kontxu Odriozolaren heriotza dela eta. Era berean, senideei eta hurbilekoei doluminak adierazi nahi dizkiegu.

Antzerkigintzan eta telebistan ibilbide oparoko aktore ezaguna, Mari Luisa izan zen 'Goenkale' telesailean, eta batez ere pertsonaia horrek egin zuen ezagun. Maria Luisa ETBko pertsonaia ezagun eta maitatuenetakoa izan zen. Lanerako zuen zorroztasun eta dedikazioa, eta aktore gisa zuen sinesgarritasuna gailendu nahi ditu EiTBk, euskal kulturari eta ETBri egindako ekarpena gogoratzearekin batera. Kontxu artista eta laguna joan zaigu, baina Maria Luisa on bat utzi digu".

Halaber, Eusko Jaurlaritzak ere "samina" adierazi du, prentsa ohar batean.

t="utf-8">t="utf-8">