kultura
Eusko Ikaskuntza-ren saria
Torrealdai ingurukoez oroitu da Manuel Lekuona saria jasotzerakoan
EITB.EUS
Martin Ugalde parkean eguerdian egin den sari banaketa ekitaldian, ez dela izarra aldarrikatu eta haren ondoan lan egiten dutenak izan ditu gogoan.
Joan Mari Torrealdaik Eusko Ikaskuntzaren 2015eko Manuel Lekuona Saria jasoko du gaur eguerdian Andoaingo Martin Ugalde parkean. Euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lana goretsi du epaimahaiak, gizarteari egin dion ekarpena "erreferentea" eta "eredugarria" dela azpimarratuz.
Saria jasotzerakoan ez dela izar bat eta haren alboan daudenak izan ditu gogoan: "Ez izarra, are gutxiago, eguzkia. Hala ere, hona hemen, zuen aurrean, ohoratua, saritua. Ipotx bat naiz erraldoien bizkar gainera igota. Nire bizitzako erraldoiak asko dira: familia, Arantzazu, Jakin, Elkar, Egunkaria, Euskaltzaindia. Eskerrik asko guztioi".
Aurtengo saritua izango zela jakin zuenean, Torrealdai bereziki pozik agertu zen Eusko Ikaskuntza zelako haren lana saritzen zuena.
Ibilbide oparoa
Torrealdai "Jakin" eta "Anaitasuna" aldizkarien zuzendari izan da, eta "Euskaldunon Egunkaria"ko kontseilu editorialeko kide, 1990ean sortu zenetik. Saiakera alorrean zein kazetaritzan aritu da. "Iraultzaz" (1973) saiakeraren ondoren, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologiko bat argitaratu zuen: "Euskal idazleak, gaur".
1993tik aurrera, XX. mendeko euskal liburuen katalogoa prestatu zuen. 1997an, euskarazko kulturaren egoerari buruzko ikerketa soziologiko mardula argitaratu zuen: "Euskal kultura gaur".
1998an, "El libro negro del euskera" argitaratu zuen, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoei buruzkoa. Urte hartan bertan, berak idatzitako biografia editatu zen: "Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena". "La censura de Franco y los escritores vascos del 98" idatzi ondoren, Irun Hiria Saria eskuratu zuen saiakera modalitatean, "La censura de Franco y el tema vasco" (1999) obrarekin.
2007an, euskaltzain oso izendatu zuten, eta, 2011n, Jose Antonio Arana Martija (2010eko Manuel Lekuona Saria) ordezkatu zuen aipatutako erakundeko Azkue Liburutegiko arduradun lanetan.
2010ean, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Saria eman zion, euskara aztertzen eta sustatzen egindako lanagatik.