kultura
Gertutik
Herri berri baten bila
Xabier Larrazabal | EITB
Herri zahar, andre berri ekimenak emakumeek euskal tradizio eta kultur jardueretan izan duten lekua aztertu nahi du
“Oso argi daukagu ez dela berdintasun eta maila orekatu batean eman emakumeen partehartzea euskal tradizio eta praktika kulturaletan eta horren inguruko gogoeta eta analisia egin nahi dugu”, dio Enara Garcia Donostia 2016ko partaidetza zuzendariak. Hortik abiatuta hasiko du bidea Herri Zahar, Andre Berri ekimenak asteburu honetan Miarritzen egingo diren topaketetan.
Besteak beste, euskal dantzak, danborradak zein alardeak sartu dituzte tradizio eta praktika kultural horien zakuan. “Gure identitate kolektiboan zeresana daukaten ekintzak dira, eta komunitatea sortzen dutenak ere badira”, azaldu du Garciak. Topaketetan, praktika horiek testuinguru oso batean jarri gura dituztela diote, eta horien barruan emakumeen rola zein den eta parte hartzea ikusle paperera mugatu den edo aktiboa zenbaterainokoa izan den aztertu.
Aztergaien artean, emakumeen parte hartzeak jasan izan duen erresistentzia ere izango da. Enara Garciak dioenez, “ eremu batzutan emakumearen parte hartzean pauso handiak eman dira baina arlo kultural eta tradizioen eremuan ez hainbeste. Leku eta tradizioen arabera, erresistentzia handiagoa edo txikiagoa eman da”. Dena dela, kasu zehatzetan arreta jartzea baino, kasu guztietan komunak diren elementuez hausnartzea da asmoa.
Iraganera, orain bizi dugun momentura eta egin beharreko aldaketak egin ostean desio duten etorkizunera begira jarriko dira horretarako.
Herri zahar, andre berri-ren Miarritzeko topaketak lan saio bat izango direla iragarri dute, elkarte kulturaletako, administrazioko, mundu akademikoko zein antropologia munduko lagunek elkarren ideia ta iritziak mahaigaineratzeko lekua. Hausnartutakoa edozeinen eskura izango den dokumentu batek bilduko du bukaeran, eta gero hori eszenaratzea da plana.
Miarritzeko topaketak gazte aterpetxean egingo dira apirilaren 1, 2 eta 3an, eta hauen ondoren erabakiko dute zeintzuk izango diren Herri zahar, andre berri ekimenak emango dituen hurrengo pausuak.
2016 bidea
Igande honetan egingo da bestalde 2016 bidearen bigarren etapa, Zarautz eta Deba lotuko dituena. Xabi Paya Donostia 2016ko kultur programaren zuzendariak dioenez, “jende berria erakartzeko balio du 2016 bideak. Mendizaleak jarduera kulturaletan murgilduko ditu eta kultur jarduera horiek erakarrita datozenak aldiz, mendizaletasunera hurbilduko dira”. Izan ere, ibilbideen hasieran, bitartean eta bukaeran kontzertu, antzezlan, zein zirku saioak prestatu dituzte. Guztira 100 ekintza kultural baino gehiago prestatu dituzte32 etapatan bananduta.
Antolatzaileek diotenez, ibilbideak ez dira zailak, baina bai ibiltzera ohituta egotea eskatzen dutenak. Denak egiten dituenak, Euskal Herriko 600 km egingo ditu oinez.