Itxi

kultura

Ekainak 12 - Uztailak 3

Emakumeek eginiko argazkiak, Barakaldoko kaleetan

Natxo Velez | eitb.eus

Baffest argazkilaritzako Barakaldoko hiri jaialdian, Cristina Garcia Rodero ospetsuak parte hartuko du, besteak beste. Ekainaren 12tik uztailaren 3ra egingo dute.

  • Cristina Garcia Roderoren lana Barakaldon ikusi ahal izango da. (Trance Sagar Mela) © García Rodero

    Cristina Garcia Roderoren lana ikusi ahal izango da. (Trance Sagar Mela) © Cristina García Rodero

Barakaldo Foto Festivalek (Baffest) soilik emakumeek egindako argazkiez jantziko ditu Barakaldoko kaleak ekain eta uztailean. Eginbide profesionala jarduera horretara bideratu duten emakumeen lana ikusarazteko helburuz jaio da jaialdia.

Hortaz, Bizkaiko udalerriak emakumezko argazkilari profesional puntakoenak batu nahi ditu, Udalaren ekimenez urtero egiteko bokazioz jaio den topagunean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, emakumeen sormen lanek bistarazteko izan dituzten zailtasunak arindu nahi dituzte, kalean publiko orokorrari bideratutako hainbat interbentzioren bitartez. Hirigintzako elementuak baliatuta, formatu handiko irudiak paratuko dituzte udalerrian zehar, eta beroriek erakusteko ibilbide bat egingo dute.

Erakusketa nagusia eta lehiaketa uztartuko ditu jaialdiak, eta biek jantziko dute Barakaldo, hiru astez.

Erakusketa nagusiak punta-puntako lau argazkilariren lanak erakutsiko ditu, hala nola Cristina Garcia Rodero (Puertollano, 1949) argazkilari ospetsuarenak.

Lehiaketan, bestalde, Euskal Herriko lau argazkilarik parte hartuko dute: Helena Goñi (Bilbo, 1990), Ainhoa Resano (Iruñea, 1974) eta Inma Barrio (Bilbo, 1979). Marina Gondra (Barakaldo, 1989) argazkilari gonbidatua izango da aurten, eta datorren urtean lehiaketaren aurtengo irabazleak beteko du zeregin hori.

Project Pin Down By Ainhoa Resano

Ainhoa Resano, "Project Pin Down"

Erakusketa eta lehiaketa ez ezik, solasaldiak ere egongo dira, baita herritarrek parte hartzeko hainbat jarduera ere.