Itxi

kultura

“Sorginen kondaira”

Euskal mitologiaz diharduen euskarazko bideo joko bat merkaturatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Binary Soul bilbotar kooperatibak garatu du “Sorginen kondaira” euskal mitologia ardatz duen 3D-ko euskarazko lehen bideo jokoa.

  • Sorginen kondaira bideo-jokoa

    Sorginen kondaira bideo-jokoa

Bizkaiko Aldundiak, Binary Soulek eta Elkar argitaletxeak “Sorginen kondaira” euskarako bideo jokoa aurkeztu dute. 3D-ko jokoa euskal mitologian girotuta dago, eta euskaraz joka daiteke.

Binary Soul Bilboko kooperatibak garatu du jokoa, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzaz, eta Elkar argitaletxeak merkaturatu du, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskarako zuzendari nagusiak gaurko aurkezpenean azaldu duenez, “euskara eta euskal kultura umeei eta publiko gazteari gerturatzeko". Endika Campo Binary Souleko zuzendari teknikoa izan du lagun De Castrok aurkezpenean.

Horren ildotik, De Castrok adierazi du “Euskadin euskal mitologian girotuta egindako lehen bideo jokoa” dela “Sorginen kondaira”, eta “ezinbesteko tresna” iruditzen zaio, “modu gustagarrian gure herriko mitologian sakontzeko aukera ematen eta euskara sustatzen baitu”.

Sorgina izateko ikasten ari den neska gazte bat da jokoaren protagonista, eta Sorgina Pirulinaren pertsonaia izan dute oinarri berori sortzeko, Endika Campok azaldu duenez: “Sorgin izendatzeko tenorean, Gauekok akelarre bati erasoko dio, eta sorgin guztiak etxejaun bilakatuko ditu, eguzki loreak kenduz. Orduan, protagonistak ahizpa guztiak askatu eta botereak eta eguzki loreak berreskuratu beharko ditu”, haren hitzetan.

Besteak beste, Sorginetxe trikuharria, Omako Basoa, Zugarramurdi eta Tartaloetxe agertzen dira jokoan, eta Mari, Basajaun eta lamiak topatuko ditu bertan sorgingai gazteak.

Euskara, aisialdirako erreferente

Aldundiaren eta Binary Soulen ordezkariek euskara bideo jokoetan agertzearen garrantzia azpimarratu dute; izan ere, “bide jokoak gero eta erreferentzia garrantzitsuagoa dira aisialdian, batik bat gazteenentzat”.