Itxi

kultura

Opera garaikidea

Bilbok 'Powder her face' opera hauslearen estreinaldia hartuko du

eitb.eus

Arriaga Antzokiak taularatuko du, maiatzaren 6 eta 8an, Argillgo dukesaren ibilera sexualak kontatzen dituen Covent Gardenen lan hau.

Arriaga Bilboko antzokiak “Poweder her face” Thomas Ades britainiar konpositore ospetsuaren ganberako opera garaikidearen Estatu mailako estreinaldia hartuko du maiatzaren 6an.

Covent Gardenen lana bi ekitalditan banatuta dago, eta, Londresen 2008an estreinatu zutenean, haren eszena esplizituek polemika piztu zuten. Argilleko dukesaren, 60ko hamarkadan Erresuma Batuan ospetsu izan zen emakume baten, ibilera sexualak ditu hizpide operak.

Maiatzaren 6 eta 8an ikusi ahalko da Arriaga antzokiko oholtzaren gainean, Bilboko espazioaren arduradunek ohar batean azaldu dutenez.

Carlos Wagner venezuelarra da lanaren zuzendaria, eta musika zuzendaritzaren atzean Diego Martin-Etxebarria dago; Bilboko Orkestra Sinfonikoko 17 musikari izango ditu bere esanetara. Eszenografiaren arduraduna, bestalde, Conor Murphy da.

Abeslari nagusiak Olga Zhuravel eta Heather Buck sopranoa, Alexander Sprague tenorra eta Alan Ewing baxua izango dira.

Horiek gorpuztuko dituzte Argilleko dukesaren maitasun eta sexu kontuak. Garai hartako Londresen beautiful people deitzen zioten horren erakusle argienetakoa zen emakume honen dibortzio-prozesuak atera zituen argitara operak hizpide dituen ohe kontuok.

“Powder her face” britainiar gizartearen hipokrisiaren eta moral bikoitzaren aurkako kritika ere bada.