Itxi

kultura

Aldama-Fabre

Artista garaikideei hauspoa emateko galeria ireki dute Bilbo Zaharrean

Maider Beistegi | EITB.EUS

Datorren maiatzaren 5ean irekiko dute euskal artista garaikide gazteen erakustoki izan nahi duen gunea. Patrik Grijalvo artista bilbotarraren lanek inauguratuko dute galeria.

1:42

Multikulturala, eleanitza, koloretsua, eklektikoa eta askotarikoa da Bilbo Zaharra eta berezitasun hori indargunea dela sinetsita, arte-galeria garaikidea eraiki dute Gorka Aldama Bolumburuk eta Eugenia Griffero Fabrek. Datorren ostegunean, maiatzak 5, inauguratuko dute Leire Garcia Baturruetabeñarekin elkarlanean martxan ipinitakoa eraikina.

1920ko eraikin batean zegoen biltegi zahar bat berritu dute Aldamak eta Grifferok. Arte garaikideari egingo dio leku Bilbo Zaharraren erdigunean irekitako lekuak eta Euskal Herriko zein atzerriko artista berrien zein ezagunen lanen erakustoki izan nahi du. Bost artisten lanak erakutsiko ditu galeriak datozen hilabeteetan: Patrik Grijalvo eta Ana Riaño bilbotarrenak, Ismael Iglesias durangarrarenak, Kiko Myllares asturiarrarenak eta Carla Andrade galiziarrarenak, hain zuzen.

galeria aldama fabre

Carla Andrade (Vigo, 1983)

Ibilbide azpimarragarria duen eta indarra hartzen  ari den artista gaztea da. Hainbat sari jaso ditu; Bilbao Arte Fundazioarena edo Kathmanduko (Nepal) Arte Garaikideko zentroarena, besteak beste. Irudiak dute oinarri bere lanek, hizkuntza adierazpenaren bitartez erantzun ezin zituen gaiei erantzuna emateko erabiltzen duen hizkuntza abstraktua biltzen du tresna gisa. Lois Patiño bideo-artistarekin elkarlanean aritutakoa da.

Patrik Grijalvo (Bilbo, 1984)

Pariseko Cité des Artsen beka eskuratu berri du. Arkitekturaren eta eskulturaren artean harreman berezia sortzen du bere obrak: espazioak deseraiki egiten  ditu artelanetan, eta eraldatuta itzultzen ditu, aurretiazko irudietan eta espazioetan eraikitako eremu berriak sortuz. Argazkiaren interpretazio eraikitzaile eta minimalista horren atzean, lortutako artelanari bolumena eman nahi dio.

galeria aldama fabre

Ana Riaño (Bilbo, 1985)

Bilbon bizi eta lan egiten du, eta bertan egin du bere prestakuntza artistikoa. 2011tik "De lo real a lo ficticio" izeneko egitasmoan ari da lanean, eta egitasmo horrekin, joan den urteko otsailean.

Madrilgo New Galleryko "La New Fair" izenekoan parte hartzeko aukeratu zuten. Artelan horietan, zineko filmetako eszenak birsortzen ditu margolari bilbotarrak, bere inguruko pertsonaiekin nahastuta, zuria eta beltza eta bi eta bat proportzioa erabiliz. Artista gazteak filmetako pertsonaiak bere bizitzako espazioekin nahasten ditu, eta alderantziz. Orokorrean, erakusten den serieak nortasunari buruzko gogoeta eskaintzen du, kontakizunen, zinearen eta pinturak XXI. mendeko genero gisa betetzen duen lekuaren bitartez bideratua.

galeria aldama fabre

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura